Kilometroak

Gipuzkoako Ikastolek hartuko dute 2021eko Kilometroen lekukoa

Atzo egin zuten aurtengo Kilometroen ekitaldi nagusia, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Azaroaren 13an Ikastolatik Herrira ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean.

jarraia187889.jpg
Erredakzioa
2020ko urriaren 5a
12:49
Entzun

Kilometroak festaren aro berriko lehen ekitaldia izan behar zuen aurtengoak. Ezberdina izan behar zuen ekitaldiak, eta egoerak ezberdin izatea ere ahalbidetu du. Joan den aste osorako egitaraua prestatu zuten, eta atzo amaitu zuten aurtengo Kilometroak, Zizurkilgo (Gipuzkoa) Joxe Arregi plazan. Ekialdi xumea egin zuten, eta bertan jakinarazi zuten 2021. urteko Kilometroak antolatzea noren esku geratu den: Gipuzkoak Ikastolak. Zubimusu ikastolako arduradunek Nekane Artola Gipuzkoak Ikastolen Elkarteko lehendakariari eman zion hurrengo urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa. Azaroaren 13an, Ikastolatik Herrira ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean.

Artolak atzo esan zuen jai eredu berria iragarri zenean bazekitela aurtengo urtea «berezia» izango zela. «Ezin izan dugu behar bezala garatu gure asmoa, baina garbi dugu Gipuzkoako Ikastolok egindako hausnarketatik ateratako ondorioak inoiz baino ageriago gelditu direla azken hilabeteotan». Gaixotasunaren sintomak sumatzen hasia zen Ikastolen Elkartea, eta eredu berria sintoma horiek arintzeko formula zela aurreikusten zuen. «Baina pandemiaren bilakaerak eta, ondorioz, ezarritako protokolo, neurri eta araudiek sintomak eritasun bilakatu dituzte. Euskararen hainbat arnasgune erori eta desagertzen ari dira, kultur egitasmoetarako plazak eta kaleak hutsik daude, baita sortzaileentzako aurrekontuak ere, ikus-entzunezkoetan basamortua, gazteentzat erreferente falta eta jairik ez».

 

Hezkuntza sistema krisian

Horregatik, elkarlanerako deia egin zuen Artolak, elementu horiek denak beharrezko direlako hezkuntza sistemari zentzua eman eta bizirik iraun dezan. «Beraz, formula berriak, botikak eta sendabelarrak ere beharko ditugu egoerari aurre egiteko, herri ekimen eta proiektu, akordio eta lege berriak uztartuz».

Hezkuntza sisteman aldaketarako beharra dagoela ere aldarrikatu zuen Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Egoera berriak «hezkuntza sistema zalantzan jartzeko ere balio» behar duela esan zuen Artolak: «Bere osotasunean, egin diren lanak, metodologiak, ikasle-irakasle-familien protagonismoa, egituraketa juridiko zein laborala…».

Baina lanketa hori ezin dute ikastolek bakarrik egin. «Hezkuntza eragile guztiak leku berera iritsi gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa». Horretarako baliabideak eskatu ditu Artolak: «Jakin badakigu erkidegoko hezkuntza sailarekin batera badagoela lanerako esparru bat irekita, baina baliabide horiek zenbatekoak izango diren eta noiz izango ditugun jakiteak urgentzia du».

Krisi egoera hau «Ikastolen arteko sareak indartzeko, gure komunitateari parte hartze eremu berriak zabaltzeko, eragileekin harremanak sendotzeko eta herritarrekin batera gure hezkuntza sistema goitik behera eraldatzeko» aprobetxatu behar dela adierazi du Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak. «Denon beharra dugu, euskalgintza, kulturgintza, herrigintza, hezkuntza eta administrazioa. Elkarren beharra dugu, elkar zaindu behar dugu baldin eta Euskal Herri bizia nahi badugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak