Zor publikoa

Defizitari buruzko akordioa bertan behera uzteko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

Gastu sozialak handitzeko zor muga kendu behar dela uste du sindikatuak, eta bide horretatik ez jotzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Mitxel Lakunta ELAko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 5a
13:53
Entzun

«Harrigarria», «lotsagarria», «oso larria». Mikel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak adjektibo zerrenda deigarria erabili du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin defizita mugatzeko adosturiko akordioa deskribatzeko. «Hasieran, uste genuen azken minutuan sarturiko gol bat zela, baina gero ikusi genuen nahita egin zutela. Austeritate politikak mantentzeko eta fiskalitatea ez ukitzeko onarturiko mugak dira». Are gehiago, autogobernua «neurri antisozialak» babesteko erabili izana egotzi dio.

Mikel Noval sindikatuko ikerketa taldeko kideak azaldu du euren kritika oinarritzen duen testuingurua. Haren hitzetan, Espainiako Gobernuak irailaren 30ean iragarri zuen 2020ko eta 2021ek ekitaldietarako kenduko zirela defizit eta zor mugak, baita gastu araua ere, lurralde eta administrazio guztietarako. Pandemiaren kalte ekonomikoei aurre egiteko harturiko ezohiko erabakia da, Europako Batasunaren oniritzia zuena. Egun hartan bertan, baina, sindikatuaren arabera, Jaurlaritzak eta Espainia Gobernuak akordio bat itxi zuten defizita barne produktu gordinaren %3,5era mugatuko duena. Hori, 2020rako; eta 2021erako, berriz, %3 —%2,6 Jaurlaritzari eta %0,9 aldundiei—. «Eta lorpen moduan saldu zuten inork ez dituen mugak onartzea. Ia-ia xanpaina edaten atera ziren», deskribatu du Novalek.

Lakuntzaren iritziko, horrelako keinu batetik bi ondorio atera daitezke. Batetik, «autogobernuari uko egiten zaio», edota tratu ezberdina «okerrera egiteko» erabiltzen da. Bestetik, akordio horrek agerian uzten du ez dagoela borondaterik «behar sozialak» konpontzeko: «Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministro ohiak berak esan du egoera honetan defizit mugek ez duela zentzurik. Bada, pentsa: Jaurlaritza are eskuinago kokatu da, eta ez dago toki askorik».

Hori ikusirik, sindikatuak hiru eskaera egin dizkio Jaurlaritzari, eta aurrenekoa oso zehatza da: «Bertan behera utzi behar du akordio hori», eta, bide horretan, Nafarroko Gobernuari mintzatu zaio: «Eskatzen diogu ez diezaiola bide berari jarraitu». Era berean, muga hori desagertuta gastu soziala handitzea nahi du, eta aldaketa fiskala egin dadila: «Irabaziak dituzten enpresek gehiago ordain dezatela, errenta handiena dutenek, ondasunen zerga igotzea... Badirudi Jaurlaritzak igaro nahi ez duen marra gorri bat dela».

Azkenik, Lakuntzak dei egin dio ezker politiko eta instituzionalari: «Hau erdigunean jartzeko garaia da, dena hemendik jaiotzen da. Oso larria da gertatu dena, eta ahotsa altxatu behar dute». EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiei buruz ari zela zehaztu du, eta ez daukatela bilerarik hitzartuta, telefono bidezko komunikazioa joria delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.