Katalunia

JxCk «konfrontazio demokratikoan» oinarritutako txostena onartu du

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren iritziz, independentismoarentzat ezinbestekoa da botoen %50 baino gehiago lortzea, «jauzi handiak» egin ahal izateko.

Carles Puigdemont eta Elsa Artadi, larunbatean, JxCren kongresua ixteko ekitaldian. JUNTS PER CATALUNYA, @JUNTSXCAT
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 5a
14:14
Entzun

JxC alderdiak bere txosten politikoa onartu zuen, joan den larunbatean, bide telematikoen bidez egin duen kongresu politikoaren azken saioan. Puigdemonten hitzaldi batek itxi zuen JxCk uztailean hasi zuen eratze prozesua. Kataluniako presidente ohi eta europarlamentariak nabarmendu zuenez, JxC izango da Kataluniako Gobernuan «gehiengo argiki independentista» bat izango denaren bermea. «Esparru politiko indartsu baten aldeko apustua egiten duen jendeak, gobernatuko duen eta urriaren 1a sutsuki defendatuko duen indar bat nahi duenak, badu Junts per Catalunya izeneko eragile bat».

JxCko buruak uste du otsailaren 14an egingo diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan independentismoak botoen erdia baino gehiago eskuratu behar dituela, prozesu independentista azkartzeko. «Ezin dugu salto handirik egin langa hori gainditzen ez badugu».

Puigdemontek sortu berri duen alderdiak bere lehenengo txosten politikoa onartu zuen larunbatean, %96ko babesarekin eta oinarrien %27ko parte hartzearekin. Batzorde txostengileak idatziz jaso du JxCk Kataluniaren independentzia lortzeko proposatzen duen estrategia. «Konfrontazio demokratikoa» du ardatz.

Idatziak jasotzen duenez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumak agerian utzi du Espainiako Estatuak ez duela «egiazko negoziazio» bat hasiko Kataluniako Gobernuarekin, independentismoak «ekintza politiko koherente eta indartsua» garatzen ez badu, «independentziaren aldeko gehiengoa edozein dela ere (%48 edo %75)».

Horregatik, independentismoaren oinarri soziala handitzea «egoki» iruditzen zaion arren, JxCk ohartarazi du ez dela «nahikoa» izango Espainia negoziazio batera behartzeko. «Estatuak egiaz negoziatzera behartuta ikusiko du bere burua, soilik, indar korrelazioa bere interesen kaltetan garatzen ari dela ikusten baldin badu». Beraz, JxCk adierazi du konfrontazioak «bateragarri» izan behar duela elkarrizketa eta negoziazioa behartzeko estrategiarekin, eta, halakorik ezean, aldebakarreko bide bat urratzearekin. JxCren iritziz, independentismoaren erronka ez da «zilegitasunari lotutakoa», baizik eta prozesua «osotasunean gauzatzea».

Ganorazko elkarrizketa batek bete beharko lituzkeen baldintzak zehaztu ditu. Batetik, «kanpoko berme bat» izan beharko luke, «bitartekari bat»; bestetik, «elkarrizketarako agenda eta metodo bat», eta, azkenik, «lan isil asko» eta «propagandarako erakustaldi gutxi».

Konfrontaziorako hiru alor

Estatuarekin konfrontazioa bultzatzeko, gizarte zibilaren mobilizazioa eta desobedientzia zibila proposatzen ditu JxCk. Txostenak dio horiek direla «prozesua burutzeko independentismoak gaur egun dituen baliabide nagusiak». Baina, JxCk ohartarazi duenez, gizarteak ezin du bidea amaieraraino egin bere kabuz, eta ezinbestekotzat jo du erakundeen egitekoa, «aldebakarreko bidean nahiz negoziazioan».

Erakundeen artean, Kataluniako Parlamentuak eta Generalitateak errepresioaren aurrean agertu duten «ahulezia» nabarmendu du batzordeak, eta horiek «boteretzeko estrategia» bat bat behar dela adierazi du.

Esparru autonomikotik harago, erakundetze «osagarri bat» abian da, JxCren esanetan, Errepublikaren Alderko Kontseiluaren eta Kargu Hautetsien Asanbladaren bitartez. Horiek gatazkaren nazioartekotzean ekarpen erabakigarria egin dezaketela uste du JxCk.

Hain zuzen, nazioartean, independentismoak orain arte lortu dituen «garaipen hoberenak eta irmoenak» arlo judizialean izan dira, txostenaren arabera. JxCk konpromisoa hartu du bide hori indartzen jarraitzeko.

Militantzia bikoitza, bozak arte

Txosten politikoa eta antolaketa proposamena onartuta, JxCk beste urrats bat egin du otsailaren 14an Kataluniako Parlamenturako egingo diren hauteskundeetan parte hartzeko. Alderdiak 4.600 afiliatu ditu egun. Hainbat, hautetsi independenteak izandakoak, beste ugari Puigdemontek sortu zuen Crida Nacional alderdikoak —gerora JxCren fundazio bihurtu dena—, eta asko PDeCAT alderditik joandakoak. Badira, ordea, PDeCAT utzi gabe JxCrekin bat egin duten hainbat kide, JxCk mitantzia bikoitza onartu baitu alderdi bezala eratzeko fasean. Kongresuaren amaieran, ordea, epe muga jarri dio trantsizio egoera horri. Militantzia bikoitza ez da onartuko PDeCAT hauteskundeetara aurkezten bada.

Horrek atea irekita uzten dio JxCren eta PDeCATen arteko azken orduko akordio bati. Albert Batet JxCk Kataluniako Parlamentuan duen taldeko bozeramailearen esanetan, «tartea dago» oraindik. Zaila dirudi, baina. JxCren eta PDeCATen jarrerak urrun daude, eta, Kataluniako hainbat hedabideren arabera, Convergenciaren ondorengo alderdiak ezohiko kontseilu nazionala bilduko du gaur, bozetara aurkeztuko dela ofizialki iragartzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.