Pentsiodunak

Pentsioen erreforman esku hartzeko eskatu diete euskal erakundeei

Pentsiodunek salatu dute ez dutela informazio argirik Espainian negoziatzen ari diren erreformari buruz. Azpimarratu dute baliabide nahikoak daudela sistema «publiko eta duin» bat bermatzeko.

Pentsiodunen mugimenduak Donostian eginiko elkarretaratze bat. JUAN HERRERO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 5a
16:06
Entzun

Espainiako Gobernua hango eragile sozial eta ekonomikoekin (Toledoko Mahaia) ari da negoziatzen pentsioen sistemaren erreforma, eta elkarrizketa horietan esku hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Hegoaldeko alderdiei oro har. «Ezin da pentsio sistema publiko eta duin bat bermatzeko aukera hau galdu».

Astelehenero legez, eta urriaren 5a Adinekoen Nazioarteko Eguna dela-eta, pentsiodunen kolektiboek mobilizazioak egin dituzte hiriburuetan eta hainbat herritan. Bilbokoa izan da jendetsuena: elkarretaratze bat egin dute han, udaletxearen aurrean, eta gero mila pertsona inguruk manifestazioa egin dute Justizia jauregiraino, hiru ilaratan, COVID-19a dela-eta ezarritako segurtasun tarteak errespetatuz.

Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak azaldu duenez, informazio argirik ez dute negoziazio mahaian hitz egiten ari direnari buruz, eta ezagutarazi diren zenbait datu haien eskaeren kontrakoak direla salatu du: «Ez da baliabide faltaren arazoa, pentsioen sistema publikoa bideragarria baita», azpimarratu du.

Martxak aldarrikapen nagusi bat izan du —1.080 euroko gutxieneko pentsioa— , eta bidean zehar euren lelo klasikoak oihukatu dituzte. Horrekin batera, 2011ko eta 2013ko pentsio erreformen alderdi «atzerakoiak» indargabetzeko eskatu dute —erretiro adina 67 urte izatea, adibidez—, eta 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko. Langileen soldatetan zein pentsioetan dagoen genero arrakala ezabatzeko eskatu dute, eta, pentsioen kasuan, balioa KPIaren arabera handitzeko. «Ezagutzen ditugu gomendioen titular nagusiak kontuan hartuta, esan dezakegun pozik gaudela pentsioen errebalorizazio indizea (% 0,25) KPIk ordezkatuko duelako, baina akordioen letra txikiak hori baieztatzea espero dugu»», azpimarratu du Uñak.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak iragarri du urriaren 12an ere mobilizatuko direla, jai eguna den arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.