Italiako Giroa

Giroa gori-gori jarri da Etnan

Etapa Caicedok irabazi du; Almeida arrosaz jantzi da, eta amildu egin dira Yates eta Thomas. Castroviejo onenekin sartu da, eta Bilbao hirugarren posturaino igo da sailkapen nagusian

enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 5a
17:41
Entzun

Leherketa eguna izan da gaurkoa Italiako Giroan. Hirugarren etapa zen oraindik, baina garaipenaren lehiatik kanpo gelditu dira askok faborito nagusitzat zituzten bi txirrindulariak: Geraint Thomas (Ineos) eta Simon Yates (Mitchelton). Bata Etnara iritsi aurretik gelditu da jota, irteera neutralizatuan izandako erorikoak erasanda. Eta besteak sumendiko igoera luze eta gogorrean esan dio agur Giroa irabazteko ametsari. Etapa Jonathan Caicedok (Education First) irabazi du, ihesaldia helmugaraino eramanda, eta Joao Almeidak (Deceuninck) maglia arrosa kendu dio Filippo Gannari (Ineos).

Zortzi txirrindulari sartu dira ihesaldian: Josip Rumac (Androni), Francesco Romano (Bardiani), Caicedo eta Lawson Craddock (Education First), Matthew Holmes (Lotto Soudal), Victor Campenaerts (NTT), Mikkel Bjerg (UAE) eta Giovanni Visconti (Vini Zabu). Oso maila oneko multzoa zen. Ganna bera ere saiatu da bertan sartzen, baina ez du lortu. Maillot arrosa defendatzeko modu bakarra zuen hori. Haren taldekide Thomasek har ziezaiokeen lekukoa, baina galestarra irteera neutralizatuan kolpe txarra hartua zen.

Hori horrela, ez du Ineosek gidatu tropela, Yatesen Mitcheltonek baizik. Ingelesak asmo ona zuen, baina indarrik apenas, gero Etnan ikusi denez. Hura zen ibilbideko mendate puntuagarri bakarra, baina baziren aintzat hartzeko moduko beste bost igoera. Gora eta behera, iheslariek bost minututik gorako tartea zabaldu dute sumendira bidean. Eta tinko eutsi diote, harik eta Etnara iritsi aurreko kilometroetan Trekek agintea hartu duen arte. Aldea ia hiru minutura jaitsi da berehala.

Baina albistea beste bat zen: Thomas erritmoari jarraitu ezinik gelditu da koska batean. Ez du lortu tropelera itzultzerik, eta hamaika minututik gora utzi ditu helmugan. Kito, bat gutxiago. Behin Etnan, estutu gogorra egin du Rafal Majkaren Borak, eta aletu egin da onenen multzoa. Eta harrigarriki, Yates izan da galbahea gainditu ez dutenetako bat. Oraindik zortzi kilometro falta zirela izan du txakalaldia. Beste faborito bat jokoz kanpo. Hiru minutu eta erdi galdu ditu hark.

Kontrolik ezean, erasoak

Hainbeste leherketarekin, harri eginda gelditu dira oilarrak. Kontrolik ez zegoenez, erasora jo dute hainbat txirrindularik; esate baterako, Jonathan Castroviejok (Ineos). Helmugatik zazpi kilometrora egin du ahalegina. Geroago, erabakimen handirik gabeko bi erritmo aldaketa egin ditu Jakob Fuglsangek (Astana). Kementsuago jokatu du Wilco Keldermanek (Sunweb), eta bidea egin. Saiakera gehiago izan da Vincenzo Nibali (Trek), Domenico Pozzovivo eta Fuglsang beraren aldetik, baina indarrak orekatuta zeuden hiruen artean.

Eta, lasterketa buruan, Caicedo izan da indartsuna. Visconti saiatu da gehien ekuadortarrari eusten, baina ezinean gelditu da bost kilometroren faltan. Bikain eutsi dio Caicedok onenen mehatxuari, eta garaipen handia lortu du. Lidergoa ere lor zezakeen, baina segundo ehunen batzuengatik egin dio ihes, Almeidaren mesedetan. Visconti 21 segundora iritsi da, 30era Harm Vanhoucke (Lotto Soudal), 39ra Kelderman, eta 51ra Fuglsang, Majka, Nibali eta Pozzovivoren taldea. Haiekin iraun du Castroviejok, Ineos taldeko ziklistarik onenak. Pello Bilbao (Bahrain) ere gertu ibili da: 1.03ra sartu da, Almeidarekin batera. Hirugarren da orain sailkapen nagusian, Almeida eta Caicedorengandik 37 segundora.

Bihar jokatuko da azken etapa Sizilian, eta ez dirudi gaur adinako zalapartarik izango denik. Izan ere, hirugarren mailako mendate bat baino ez da izango 140 kilometroko ibilbidean. Erdibidean igoko dute, eta azken kilometroak erabat lauak izango dira. Garaipena, beraz, esprintean erabakiko da ziurrenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.