AEB-etako bozak

Trump Etxe Zurira itzuli da, gaitza oraindik kutsa badezake ere

Berrogeialdia bete gabe utzi du erietxea AEBetako presidenteak, eta «beharbada immunea» dela adierazi du.

Trump, maskara kentzen, Etxe Zurira heldu eta berehala. KEN CEDENO / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 6a
09:45
Entzun

Itzulera ikuskizun bihurtu du telebistako pertsonaiak. Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurira itzuli da, egun batzuk erietxe militar batean igaro ondoren, koronabirusean positibo eman zuela eta. Itzulera goiztiarrak areagotu egin ditu presidentearen gaitzaren inguruko zalantza eta eztabaida.

Helikoptero batean heldu da Trump Etxe Zurira, eta berehala kendu du maskara, gaitza oraindik kutsa badezake ere, hedabideek bere irudiak har ditzaten Etxe Zuriaren balkoian. Haren sendagileak esan du ez dagoela «oraindik erabat sendatuta», eta tratamenduan jarraituko duela Etxe Zurian.

 

Bere gaitzaren eboluzioa Twitterren bidez zuzenean kontatu du Trumpek egunotan. Erietxetik joan aurretik, AEBetako herritarrei esan die beldurrik ez izateko birusari: «Ez utzi zeure bizitza menperatzen». Horrez gain, esan du «duela 20 urte baino hobeto» sentitzen dela.

Horrez gain, bideo bat grabatu eta zabaldu du. «Lehen lerroan egongo gara. Zuen buruzagi gisa egin behar nuen hori. Aurrean jarri naiz, eta gidatzen hasi naiz». Gaineratu du hobeto sentitzen dela eta «beharbada immunea» dela.

 

Ostegun gauean hasi zen Trump gaixo sentitzen, Etxe Zuriak zabaldu zuenez. Positibo eman zuen, eta, AEBetako osasun agintariek emaniko jarraibideen arabera, gutxienez hamar egun bakarturik egin behar ditu kutsaturiko batek, beste inor kutsatuko ez duela ziurtatzeko. Trumpek lau egun baino ez ditu pasatu erietxean.

Hilabete bat baino gutxiago falta da AEBetan presidentea aukeratzeko hauteskundeetarako. Trumpek beste lau urte jarraitu nahi du agintean. Haren lehiakide Joe Biden demokratak gogor jo du Trumpen aurka. Gogoratu zuen presidenteak esan zuela maskarek eta jendearengandik urruntzeak ez dutela balio; «birusa horrela hartzen duen batek berari gertatzen zaionaren erantzukizuna dauka».

Azken egunotan, Trumpen inguruko hamabi pertsonari atzeman diete birusa, tartean haren emazte Melania Trump.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.