Kirgizistan

Kirgizistango bozen emaitzak baliogabetu dituzte, protesten ostean

Manifestariek parlamentua hartu dute gauean, hauteskundeak berriz egin daitezela exijitzeko. Poliziarekiko borroketan gutxienez pertsona bat hil da eta ehunka zauritu.

Poliziaren eta manifestarien arteko borrokak, bart, Bixkek hiriburuan. IGOR KOVALENKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 6a
11:36
Entzun

Urriaren 4an egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak Kirgizistanen, eta Sooronbai Zheenbekov presidentearen aldeko alderdi errusiazaleek eskuratu zituzten botoen erdiak. Oposizioak, baina, salaketa jarri du Hauteskunde Batzordean eta emaitzak bertan behera uzteko eskatu du. Batzordeak baliogabetu egin ditu, azkenean.

Zheenbekov presidenteak bideo bidez jakinarazi du ea iruzurrik izan den ikertzeko eskatu diola berak ere Hauteskunde Batzordeari, eta beharrezkoa balitz emaitzak baliogabetzeko galdegin diola.

Oposizioko «zenbait indarri», berriz, hauteskundeen emaitzak «ordena publikoa urratzeko» baliatzea leporatu die. «Ez diete segurtasun indarrei men egin, osasun langileak jipoitu dituzte, eta eraikinak hondatu». Jarraitzaileak «lasaitzeko» eta «pilaketetatik aldentzeko» eskatu die indar horiei.

Emaitzek protestak lehertu dituzte Bixkek hiriburuan, eta bart hainbat lagun parlamentura sartu dira, eta hainbat bulegori eraso diote. Horrez gain, ustelkeriagatik preso zeuden Sapar Isakov eta Zhantoro Satibaldiev lehen ministro ohiak, eta Almazbek Atambaiev presidente ohia askatu dituzte. Poliziarekiko borroketan gutxienez manifestari bat hil eta 500dik gora zauritu dituzte.

Atambaiev 11 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen, ustelkeriagatik eta «talde kriminal bateko burua» aske uzteagatik. Zheenbekoveren gertukoa zen Atambaiev, lehenenegoak 2017ko presidentetzarako bozak irabazi zituen arte; geroztik urrundu egin dira bien jarrerak.

Zheenbekovek «agintea lapurtu» nahi izatea egotzi die oposizioko alderdiei, eta iragarri du ez tiro egiteko agindu diela segurtasun indarrei, baita bozak berriz egiteko aukera aztertzen ari dela ere: «Neurriak hartu ditugu egoerak okerrera egin ez dezan. Bakea eta segurtasun parlamentuaren agintea baino garrantzitsuagoak dira».

Oposizioak ez ezik, ESLA Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeko bitartekariek ere susmoak agertu dituzte. Thomas Boserup bozeramailearen esanetan, kanpaina modu egokian kudeatu bazuten ere, nabarmena izan zen gobernuko alderdien presentzia komunikabide nagusietan eta kezka agertu du oposizioko kideen aurkako mehatxu eta oztopoen inguruan, baita alderdiek jasotako diruaren inguruko argibiderik ezean. Hala ere, Boserupen arabera, «botoak eraso izanaren susmoak» dira okerrenak: «Ez dira funtsik gabeko salaketak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.