AEB

Gay komunitateak buelta eman dio '#ProudBoys' traolari

Trumpen aldeko eskuin muturreko miliziaren izena erabiltzen ari dira sare sozialetan, mutilen arteko harremanekin ilustratzeko.

Kanadako Armadak ere bat egin du #ProudBoys kanpainarekin, eta agazki hau argitaratu du Twitterren. KANADAKO ARMADA
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 6a
11:58
Entzun

George Takei aktoreak (Star Trek sagan aritu da, besteak beste) erronka bat bota zien joan zen ostegunean Koreako popzaleei eta Tiktok sare sozialeko erabiltzaileei: «Eta mutil gayek euren argazki bat hartuko balute elkar musukatzen edo beste gauza oso gayak egiten, eta horiek #ProudBoys traolarekin argitaratuko balituzte? Esango nuke horrek sutan jarriko dituela».

Ideia sinple eta eraginkorra. Ordu gutxitan milaka mezu agertu dira sare sozialetan gorrotoarekin loturiko #ProudBoys mezuari buelta ematen. Kanadan eta AEBetan zabalduriko talde faxista eta misoginoa da Proud Boys. Vice Media hedabidearen sortzaile eta kide ohi Gavin McInnesek sortu zuen, «Mendebaldeko zibilizazioaren chauvinismoa» bultzatzeko. Bakarrik gizonezkoek osaturiko taldea da, eta emakumeen kontrako indarkeria bultzatzen dute, besteak beste. Antifaxisten aurkako indarkeria ekintza bat egitea ezinbestekoa da taldean gora egiteko, eta istiluetan zuzenean parte hartu dute taldeko kideek, besteak beste Charlottesvillen (AEB) 2017an, non eskuin muturreko ekintzaile batek arrazakeriaren aurkako manifestarien kontra jo zuen autoarekin. Emakume bat hil zuen.

Trumpen jarraitzaileak dira Proud Boys delakoak (Mutil Harroak), eta AEBetako presidenteak ere sinpatiaz ikusten ditu. Azaroan presidentea aukeratzeko bozak egingo dituzte AEBetan, eta, horri begira joan zen astean Joe Bidenekin telebistan edukitako eztabaida gordinean, Proud Boys taldea gaitzesten ote zuen galdetu zion hautagai demokratak Trumpi. Hark ez zituen gaitzetsi, eta «Proud Boys, egin atzera, eta adi eta zain geratu» esan zien. Izan ere, Trumpek askotan adierazi du ez duela Etxe Zuria gogo onez utziko bozetan galtzen badu. Uste da Proud Boys eta eskuin muturreko bestelako miliziak erabili nahi dituela botereari eusteko, demokratei bozetan iruzur egin izana leporatuta. Proud Boysek pozarren hartu zituzten Trumpen hitzak, presidenteak sostengua eman ziela iritzita, eta «adi eta zain» mezua duten elastikoak ere jarri zituzten salgai.

Joan zen ostegunean, ordea, bere mezua gaizki ulertu zela adierazi zuen Trumpek, Fox News katean eginiko elkarrizketa batean. «Supremazista guztiak gaitzesten ditut, Proud Boysak gaitzesten ditut. Ez dakit asko horien inguruan, baina gaitzetsi egiten ditut».

Takei aktorearen egitasmoak arrakasta handia izan du sareetan. Bere senarrarekin eginiko argazki bat argitaratu du: «Brad eta biok #ProudBoys gara, duela 12 urte legez ezkonduak. Eta harro gaude geure harrotasuna aldarrikatzeko kanpaina honekin bat egin duten gay guztiekin. Geure komunitateak eta lagunek gorrotoari maitasunarekin erantzun diote, eta zer hori baino hoberik?».

 

Pertsonaia publiko askok erantzun diote Takeiren erronkari. Tartean dira AEBetako kongresukide Carlos G Smith, eta Barack Obamaren kanpaina buru ohi Jon Cooper.

Baina Kanadako Armadak ere parte hartu du egitasmoan, «Maitasuna maitasuna da. Ulertzen duzu?» mezuarekin.

 

Prous Boys taldeko kideak sutan jarri dira euren izena bahituta ikusi dutenean. Parler sare sozialean argitaratu dituzte erantzunak (Twitterrek kanporatu egin zituen, gorroto mezuak zabaltzeagatik). Proud Boys esamoldea «irain» bihurtu dutela adierazi du Enrique Tarrio taldearen buruak, eta euren jarraitzaileen «ahotsa itotzen» saiatzen ari direla.

«Maritxuak» , idatzi du beste jarraitzaile batek. «Ezin ditut gayak jasan... legez kanpo beharko lukete» .

 

Koreako popzaleak, arrazakeriaren aurka

Proud Boysen mezuari buelta emateko saioen antzekoak lehen ere gertatu dira Interneten.

Ekainean, protesta ugari egon ziren AEBetan, Poliziak George Floyd gizonezko beltza hil arte ito ondoren. Black Lives Matter mugimenduak milaka pertsona jarri zituen kalean, eta sarean ere isla izan zuen.

Baina eskuin arrazistak ere erreakzionatu zuen. Poliziaren eta Trumpen aldeko mezuak zabaltzen hasi ziren hainbat traol erabilita, #BlueLivesMatter (polizien biziek axola dute) eta #MAGA (egin Amerika handia berriz) tartean.

Koreako pop musikazaleek, ordea, traol horiek sabotatzeari ekin zioten. Euren talde eta artista gogokoenen bideo, meme eta GIF irudi animatuekin betetzen hasi ziren traol horiek. Dallaseko Poliziak protestetan parte hartzen ari zirenak salatzeko bideoak jasotzeko aplikazio bat eratu zuen, eta hori ere K-pop mezuekin bete zuten zaleek. Poliziari eskatzen zioten abeslariak atxilotzeko, «bihotza lapurtzeagatik». Aplikazioa itxi behar izan zuen Poliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.