78ko sanferminak

Iruñeko epaitegiak artxibatu egin du 1978ko sanferminengatik jarritako kereila

Epaileak argudiatu du auzia epaitua dagoela. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak esan du apelazio helegitea jarriko duela epaileak emandako ebazpenaren kontra. Kasua ikertzen segi dezaten galdegin dute.

78ko Sanferminak Gogoan elkartekoen protesta, iraila hasieran. IDOIA ZABALEA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 6a
12:23
Entzun

Iruñeko 5. epaitegiak hartu du erabakia: 1978ko sanferminetako gertaeren aurka jarritako kereila largetsi eta artxibatu egin du. Hala, bertan behera gelditu da kasuaren ikerketa, nahikoa frogarik ez dagoela iritzita. Duela bi urte jarri zuten kereila 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak, German Rodriguezen senideek, gertaera horietan zauritutako pertsona batzuek, Iruñeko Peñen Federazioak eta Iruñeko Udalak, eta  Nafarroako Parlamentuaren beraren babesa ere izan zuten hartan. Orain, gelditu egin da prozesua. Epailearen ustez, afera epaitua dago jadanik, «salaketaren xede diren gertaerak aldez aurretik beste prozedura batzuen xede izan zirelako». 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak «erabateko desadostasuna» adierazi du ebazpena dela eta: «Justiziak zartako bat eman die herritar nafarrei, berriz ere».

Ikertzen jarraitzeko aski frogarik ez dagoela azaldu du Iruñeko 5. Epaitegiak ebazpenean. Argudio horri kontra eginez, 78ko Sanferminak elkarteko kideek ukatu egin dute hori hala denik; are, esan dute badaudela «froga berriak».  «Ezerk ez dio galarazten auzitegi bati gertaerak ikertzea». Gaineratu dute, bestalde, gizateriaren aurkako krimenei Nazioarteko Zuzenbidea aplikatzea dagokiela, «Espainiako legerian tipifikazioa izan edo ez». Hala, epaitegiak hartu berri duen erabakiari kontra egiteko, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak apelazio helegitea jarriko du ebazpenaren aurka.

Elkarteak bidalitako ohar batean kideek berretsi dutenez, 1978ko sanferminetan gertatutakoa «ez zen ustekabea izan, aldez aurretik pentsatua baizik». Halaber, esan dute Martin Villa ministro ohi frankista eta orduko UCDren gobernua direla gertaera horien erantzule politikoak. Salatu dute, beste behin, Justiziak «muzin» egin diela gertaera horien biktimek, beste erakunde batzuekin batera, egindako eskaerei, «egia, justizia eta ordaina» eskakizunei. «Justiziak, ordukoak eta gaurkoak, begiak itxi eta ateak ixten ditu oraindik ere», adierazi dute elkartekoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.