Zahar etxeak

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak: «Horrela ezin da»

Greba eguna dutela eta, protesta jendetsua egin dute Donostiako kaleetan; aldarrietan bat egin dute ELAk, LABek, zahar etxeetako egoiliarren senitartekoek, eta Irauli Zaintzak eta Duintasuna plataformek

Egoitzetako langileak, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean, Donostian. ARANTXA IRAOLA
Arantxa Iraola - Jon O. Urain
2020ko urriaren 6a
12:25
Entzun

Donostian manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. LAB eta ELA sindikatuek deituta, «lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren» aldeko greba eguna dute, eta, pandemia betean, COVID-19ak zahar etxeetan ondorio aski larriak utzi dituela gogora ekarrita, xede «merkantilistetan» ardaztutako eredua baztertzeko deia egin dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean hasi eta amaitu dute protesta, eta gogora ekarri dute auzi honetan erakundeak duen ardura; itunpekoak dira zahar etxeetako leku asko, eta diputazioari dagokio zentro horien gaineko kontrola. ELA sindikatuaren izenean Txomin Lasak hartu du hitza:  «Oso haserre gaude». LABenean, Leire Ormazabalek: «Horrela ezin da jarraitu». Egoiliarren senideen elkarte Gipuzkoako Senideak-ek, Irauli Zaintzak eta Duintasuna plataformek bat egin dute mobilizazioarekin.

Gatazka berpiztu egin dela esan daiteke. Iragan martxoa bitartean 243 greba egun eginda zituzten langileek, lan itunaren aldeko borrokan, eta grebak eten zituzten izurriarengatik. Berriz mobilizazioen bideari ekitea beste hauturik ez dutela izan azaldu dute, ordea. «Sei hilabete geroago, egoera oraindik ere kaskarragoa da. Pandemia hasi zenean baino txarragoa; denek jakin behar dute hori», deitoratu du Lasak. «Langileen lan zama ikaragarria da; emozionalki eta psikologikoki ere egoera gogorrak pairatu behar izan dituzte: hil egin dira egoiliar asko, bakartuta jarraitzen dute beste askok», azaldu du. «Pandemia baten aurrean, gertatutako guztiaren ondorioz, bai diputazioak bai enpresek beste borondate bat eduki zezaketela uste genuen; hain justu, guk horregatik utzi genuen greba. Ordutik, baina, kontrakoa ikusi dugu. Markel Olano diputatu nagusia ikusi dugu egoitzen eredu honen defentsa sutsua egiten; ulertzen dugu zergatik egiten duen; enpresak dituzte haren adiskide askok sektorean, eta hortik jaten dute».

Egoera larria deskribatu dute Ormazabalen hitzek ere: «Benetan kezkagarria da. Langilek doaz lanera beren osasuna jokoan jarrita, eta gure egoiliarrek ez dute, beren bizitzako azken urteetan, behar duten zaintza». Egoitzetan gabeziak areagotu egin direla esan du. «Terapiak, adibidez, ez dira ematen; haientzat hain beharrezkoak diren hainbat gauza». Muineko aldaketa behar dela esan du: «Eredu hau bukatuta dago, ezin da zerbitzu publiko bat enpresa pribatuen esku utzi, haiek etekinak egiteko, eta bitartean, zer, eta langileak hitzarmenik gabe, eta egoiliarrak behar duten zaintzarik gabe». Hortik aldarriaren zerumuga non duten: «Benetako sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoan».

Izurriak gogorren erasandako lekuetako bat dira zahar etxeak. Birusa oldarkorra da adineko pertsonekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetako egoiliarrak bisitarik eta irtenaldirik gabe igaro dituzte azken hilabeteak, eta, halere, haietako 716 hil dira pandemian.

Borrokan jarraituko dutela iragarri dute langileek, eta egoiliarren senideek «duintasuna» eskatu dute. Horrez gain, zahar etxeetako langileek gogor salatu dute Eusko Jaurlaritzak greba egiteko aukera ukatu izana: %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri ditu gaurko. «Eskandalu bat da», salatu du Lasak. «Gaur egun ez da existitzen greba eskubidea Gipuzkoako zahar etxeetan. Eta kontua ez da benetan zerbitzu minimo horiek ezarri direnik adinekoen zaintza ona bermatzeko. Bilatzen duten gauza bakarra da greba eskubidea ukatzea. Gaur Gipuzkoako egoitzetan lanean daude pertsona gehiago, ehuneko ehuneko zerbitzuokin, beste edozein egunetan baino, atzo edo bihar baino. Beste edozein egunetan, adibidez, enpresek ez dituzte opor guztiak ordezkatzen. Zergatik? Dirua aurrezteko». Arabako eta Bizkaiko egoitzetan ere, gaur bertan, Gipuzkoakoetan baino langile gutxiago daudela esan du, eta paradoxa horren atzean dagoela Eusko Jaurlaritzak langileen gaineko gutxienekoak-eta ezartzeko eginda duen dekretua bermatzeko bermerik ez dagoela. LABek adierazi du «juridikoki» salatuko dituela gaurkorako ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Bide hori aztertzekoa dela adierazi du ELAk ere:  «Nola azaldu dezake Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako egoitzak greban egonda Bizkaiko edo Arabako egoitzetan baino jende gehiago aritzea lanean?».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.