Azpiegiturak

Donostiako metroaren obrak behin betiko gelditzeko manifestazio batera deitu dute azaroaren 14rako

Mirakontxa eta Easo arteko lanak gelditzeak %80tik gorako gainkostuak eragingo dituela salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. «Urteetan defenditu ditugun arrazoiak egiaztatu baizik ez dira egin».

jarraia187945.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 6a
12:53
Entzun

Mirakontxa eta Easo arteko lanetan hondarra eta ura agertu izanak Donostiako metroko lanak geldiarazi zituen joan den irailaren 25ean, eta eraikuntza kontratua etetea aztertzen ari zirela jakinarazi zuen ETS Euskal Trenbide Sareak —haiek ari dira lanak kudeatzen—. Satorralaia bizilagunen mugimenduak gogor salatu du gertaera hori, eta ohartarazi lanak gelditzeko arrazoia bestelakoa dela: %80tik gorako gainkostuak izatea. Areago, mugimenduaren arabera, azken urteetan azpiegitura lan honen kontra egiteko erabilitako arrazoiak berretsi egin dituela azaldu dute ohar bidez, eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei: azaroaren 14an, Donostiako metroaren lanak behin betiko gelditzeko manifestazioa egingo dute hiriburuan.

Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzena ere egin diote: metroaren lanak geldiaraztea behartu duten arrazoien inguruko informazioa «jendaurrean eta gardentasun osoarekin» argitara emateko. Ez baita lehen aldia Donostiako metroaren lanek zeresana ematen dutela. Joan den ekainaren 5ean, eraikin bateko sotoan zulo bat sorrarazi zuten lanek, eta Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak «istripu tekniko bat» izan zela esan zuen. ETSko iturriek esan zuten, ordea, «arazo puntual bat» izan zela, eta tunelaren gainerako zatia «bikain» zihoala.

Satorralaiak salatu duenez, «egoera kaotiko honek» egiaztatzen du proiektu hau«“lurpeko ezaugarri fisiko baldintzatzaileak aintzat hartu gabe eta ezjakintasun handiarekin diseinatu dela». Jaurlaritzari azalpenak eskatu dizkiote, baina Eneko Goia alkateari isilik egotea leporatu diote: «Metroaren obrak egitearen aldeko txostenak onartu zituen bere egunean, baina ez dira txintik ere esateko gauza, ETSren prepotentziaren eta kudeaketa okertezinagoaren aurrean, ez eta Amarako, Erdialdeko eta Antigua auzoko bizilagunei eragiten ari zaizkien kalte eta galerengatik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.