Katalunia

Torrak inhabilitatuta jarraituko du Konstituzionalak helegitea aztertu artean

Auzitegiak tramiterako onartu du Kataluniako presidente ohiaren helegitea, baina baztertu egin du, kautela neurri gisa, inhabilitazioa behin-behinean etetea.

Quim Torra Kataluniako presidente ohia, urriaren 1eko erreferendumaren hirugarren urteurreneko ekitaldi batean. DAVIDBORRAT, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 6a
14:00
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidente ohiak inhabilitatuta jarraituko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak haren kontrako auziaren gainean azken erabakia hartzen duen arte. Konstituzionalak baztertu egin du defentsaren babes helegitea, eta ez du zigorra behin-behinean etengo, kautela neurri gisa. Beraz, indarrean jarraituko du Kataluniako Auzitegi Nagusiak ezarri eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen inhabilitazio zigorrak.

Konstituzionalak tramiterako onartu du, ordea, Torrak Gorenaren epaiaren kontra aurkeztu duen helegitea. Konstituzionalak erabaki beharko du Gorenaren ebazpena ontzat jotzen duen ala ez, eta hori izango da Espainiako justizian auzibidea agortuko duen urratsa. Hortik aurrera, defentsak aukera izango du auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko. Konstituzionalak arrazoia eman ezean, hala egingo dutela aurreratu du Gonzalo Boye Torraren defentsa abokatuak.

Boyek nabarmendu duenez, Konstituzionalak kasu guztietan eten du inhabilitazio zigorra auziari buruzko azken erabakia hartu arte, auzipetua karguan zegoen hautetsi bat izan denetan. «Kasu honetan beste era batera egiten bada, azalpena oso argia da», azaldu dio BERRIAri, Konstituzionalak har zezakeen erabakiari buruz galdetuta.

Boyek salatu du Espainiako justiziak zuzenbidea «beste era batera» ezartzen duela «gutxiengo nazional batek bere eskubideak exijitzen dituen bakoitzean». Abokatuak konfiantza agertu du Europako justizian, eta ziurtatu du auzia hara bideratutakoan Torrari arrazoia emango diotela. «Besteak beste, Europako araudia oso nabarmen urratzen ari dela uste dut, edo, sinpleki, araudi horiek ez direla ezartzen ari. Baina, gainera, bada gauza oso argi bat: politikoki izendatuak diren epaileak daudenean, epaile horiek inpartzialak izan daitezke kontrako alderdi politiko bat epaitzeko garaian? Galdera oso logikoak dira».

Torrari urte eta erdiko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna ezarri zizkion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, iazko abenduan, desobedientziagatik. Espainiako Hauteskunde Batzordeak agindu zion Generalitateko jauregitik kentzeko espetxean eta erbestean diren buruzagi independentista katalanen aldeko pankarta bat eta hainbat xingola hori. Agindua garaiz ez betetzeagatik zigortu zuen auzitegiak. Epai hori berretsi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den irailaren 28an. Erabakiaren ondorioz, Torra Generalitateko presidente kargutik kendu zuen Gorenak, eta hauteskundeetara automatikoki deitzeko prozesua jarri zen abian.

Tamara Carrasco, absolbituta

Bi urte baino gehiagoko auzibidearen ostean, Bartzelonako zigor epaitegi batek absolbitu egin du Tamara Carrasco CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteetako kidea. «Terrorismoa» eta matxinada leporatu zizkion Espainiako Fiskaltzak Carrascori, 2018ko apirilean, CDRen kontrako lehenengo polizia operazioan atxilotua izan ostean. Handik egun gutxira, aske utzi zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Diego de Egea epaileak, «terrorismo» eta matxinada delituak baztertuta. Eutsi egin zion desordena publikoen akusazioari. Operazio hartatik, erbestean da Adria Carrasco CDRetako kidea ere.

Urtebetean baino gehiagoan eutsi zien karguei Fiskaltzak, eta Viladecans (Bartzelona, Herrialde Katalanak) jaioterritik irteteko debekua izan zuen Tamara Carrascok hainbat hilabetez. 2018ko azaroan, baina, Carrasco ikertzeari utzi zion auzitegiak Fiskaltzaren eskariz, matxinada eta «terrorismo» delituen akusazioetarako oinarririk ez zegoela aitortuta, eta auzia Bartzelonako zigor epaitegi batera bideratu zuten, desordena publikoengatik. Orain akusazio hori ere baztertu egin du epaileak, eta Carrasco aske utzi du inolako kargurik gabe.

Carrascok «jazarpen ideologikoa» salatu zuen joan den irailaren 28an, auzia epairako prest gelditu zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.