Italiako Giroa

Arnaud Demare izan da azkarrena esprintean

Laugarren etapa irabazi du FDJkoak, hutsagatik. Peter Sagan eta Davide Ballerini izan dira bigarren eta hirugarren.

Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 6a
16:47
Entzun

Arnaud Demare (FDJ) bizi ibili da gaur Villafranca Tirrena herriko helmugan, azkarrena izan delako esprintean. Frantziako txapeldunak hutsagatik irabazi die Peter Sagani (Bora) eta Davide Balleriniri (Deceuninck). Bideoa erabili behar izan dute garailea zehazteko. Demarek bigarren garaipena du Giroan; iaz lortu zuen aurrenekoa. Badu beste garaipen handi bat Italian, Milan-San Remo irabazi baitzuen 2016an. 72. garaipena du gaurkoa profesionaletan.

Etapa laburra izan da, 140 kilometrokoa, esprintean bukatzeko egokia, hirugarren mailako Portella Mandrazzi kaskoa igo behar izan badute ere 75.kilometroan. Ez zuen ematen esprinterrik atzean geratuko zenik, baina biri kontrako eztarritik sartu zaie igoera: Fernando Gaviriari (UAE)eta Alvaro Hodegi (Deceuninck). Bora taldeak martxa bizia jarri duelako igoeran. Elia Viviani ere geratu egin da, gero pelotoian sartu bada ere.

Hiru txirrindularik lehenagotik osatu dute eguneko ihesaldia: Simon Pellaud (Androni), Kamil Gradek (CCC) eta Marco Frapporti (Vini Zabu). Hala ere, pelotoiak ez die asko egiten utzi, kontrolpean eraman baitu saiakera hori. Esprinterren taldeak lanerako ibili dira, jakinda aukera zutela etapa irabazteko. Ihesaldian, Pellaud bakarrik geratu da, baina hamazazpi kilometro falta zirela harrapatu dute.

Ziztu bizian eraman dute pelotoia Borakoek eta FDJkoek, eta Gaviriaren tropeltxoak amore eman du aurrekoak harrapatzeko saialdian. Sagan izan da esprintean abiatzen aurrenekoa. Hartu du tartetxoa, baina gainera joan zaizkio Demare eta Ballerini. Hirurak sartu dira elkarren gainean. Helmugako marra batera zeharkatu dute, baina bideoak eman du epaia: Demare garaile.

Sailkapen nagusian, Joao Almeidak (DQT) bi segundo sartu dizkie atzetik dituenei, 26 kilometro falta zirenean, esprint berezitik bigarren pasatu delako. Horrenbestez, Jonathan Caicedorekin(EF1) zuen berdinketa hautsi egin du, eta  bi segundo ateratzen dizkio; Pello Bilbaori (Bahrain), berriz, 39 segundo.

Bihar bosgarren etapa izango dute: luzea eta menditsua, 225 kilometrokoa, Mileto eta Camigliatello Silanoren artean. Hirugarren mailako bi mendate igoko dituzte, 100. eta 111. kilometroetan: Catanizaro eta Triolo. Aurreneko mailako gaina izango dute helmugatik hamabi kilometrora: Valico di Montescuro.

Geraint Thomas ez da atera

Eguneko albistea etaparen hasieran jakin da: Geraint Thomasek (Ineos) ez ateratzea erabaki du. Atzo erori egin zen, irteera neutralizatuan, eta haustura txiki bat dauka pelbisean. Lasterketa irabazteko faboritoetako bat zen galestarra, baina atzo hamabi minututik gora galdu zituen Etna mendatean amaitu zen etapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.