Athletic

Alkorta: «Jokalarien proposamena izan zen Llorente fitxatzea»

Talde zuri-gorriko kirol zuzendariak onartu du jokalaria etortzeko prest zegoela, baina klubean ez dela adostasunik egon. Garitanoren lanaren inguruan «uste osoa» du, eta kezka azaldu du inguruan bizi den «giro gaiztotuarekin». Baina ziur da aurrera aterako dela taldea.

Rafa Alkorta, prentsaurrekoan. BERRIA
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 6a
20:00
Entzun

Azkenean ez zen egin. Baina Bilbon hautsak harrotu ditu Athleticek Fernando Llorente fitxatzeko aukerak. Alex Bereneguer jokalarien aurkezpenean, Rafa Alkorta kirol zuzendariak onartu du jokalarien proposamena izan zela aurrelaria fitxatzea. «Jokalariak etorri nahi zuen, eta nik zuzendaritzari helarazi nion, neure eta entrenatzailearen oniritzia ere bazuelako. Baina klubean ez da adostasunik egon».

Alkortak azaldu du jokalariak jarri zirela berarekin harremanetan, «kezkatuta» daudelako taldeak bizi duen kirol egoerarekin. «Baina ez dago arrakalarik Llorente ez delako etorri, jokalariek ulertzen dute klubaren egoera zein den». Atzokoa egun «gogorra» izan zela onartu du: «Azken batean, Llorente laguna dut, eta beti uste izan dut aurrelari oso ona dela». Baina ez da «gutxietsita» sentitzen etorri ez delako. Onartu du, baita ere, Javi Martinez fitxatzen ahalegindu dira. «Baina ez zuen eskaintza onartu, eta ez genuen gehiago hitz egin».

Gaizka Garitanoren lanean uste osoa du: «Gure entrenatzailea da. iritsi zenean taldea zuloan zegoen. Ia Europa Ligarako sailkatu zuen, eta Espainiako Kopako final batean gaude. Nekez topatuko dugu hura bezain langilea den norbait. Ziur nago talde eta entrenatzaile honekin aurrera aterako garela». Kezka azaldu zuen, halaber, inguruan dagoen «giro asaldatuarekin». «Ni ere kezkatuta nago, baina uste dut gehiegizkoa izaten ari dela». Halaber, onartu du ez dela erraza etxean zalerik gabe jokatzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.