Musika

Eddie van Halen rockaren birtuosoa hil da

Musika irakurtzen inoiz ikasi ez zuen gitarristak, rocka disco musikarekin berriz lehian jartzea lortu zuen 1980ko hamarkadan.

Emakume bat negarrez, Eddie Van Halenen eskuen marketan, Hollywoodeko Rock Walken. ETIENNE LAURENT / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 7a
10:18
Entzun

Eddie van Halen rock musikaria zendu zen atzo, 65 urterekin, Santa Monica (Kalifornia, AEB) hiriko ospitale batean hil zen, eztarriko minbiziaren ondorioz.

1970eko eta 1980ko rockaren ikonoetako bat izan zen. Van Halen taldearen sortzaileetako bat izan zen; taldeko gitarra jotzaile nagusia zen, eta, azken finean, taldearen arima. Rockak egile arrakastatsuen zerrendetara berriz eramaten lagundu zuen 1980ko hamarkadan, disco musika zerrenda horietan gailen zen garaian, batez ere 1984 izenburuko lanarekin, urte berean argitaratutakoa. Disko horretan zegoen Jump kanta, eta lehen postua lortu zuen zerrendetan. Diskoa bigarren geratu zen Billboard 200 zerrendan. Arrakasta handia, inondik ere, lehena Michael Jacsonen Thriller izan baitzen.

 

Taldea 1970eko hamarkadaren amaieran sortu zuen Alex anaiarekin. Baina Eddiek gitarrarekin jotako soloek pizten zuten entzule eta ikusleen arreta. Izan ere, gitarraren birtuosoa izatera heldu zen, nahiz eta inoiz ez zuen ikasi musika irakurtzen. Berak hala aitortu zuen: Bachen eta Mozarten piano piezak jotzen zituela gaztetan kontzertuetan, baina memoriaz eta inprobisatuz, partitura ulertzeko ez zelako gai.

Bat-batean aritzeko ahalmen hori gitarrara eraman zuen. Besteak beste, sokak mastan bi eskuetako hatz puntekin sakatzen jotzeko teknika erruz erabili zuen, eta horrek ematen zien kutsu berezia haien soloei. Lehenengo diskotik —Van Halen (1978)— erakutsi zuen hori; besteak beste, Eruption piezan.

 

Baina Michael Jacksonekiko lehia gizalegezkoa izan zen. Nolabait, bakoitza bere eremuan nagusi izatea erabaki zuten biek, Jacsonek musika dantzagarrian, eta Van Halenek rock musikan. Horren erakusgarri da Van Halenek gitarra jo zuela Jacksonen Beat It kantan. 20 segundokoa da pasartea, eta 20 minutu baino ez zuten behar izan grabatzeko. Ez da Van Halenen izenik agertzen diskoaren kredituetan.
 

Alkohola eta drogak musika sortzeko erabili zituen. Berak kontatu zuenez, etxean ixten zuen bere burua, eta, mozkortu ondoren, gitarra hartu eta bere burua grabatzen zuen. «Ez nuen edaten dibertitzeko. Alkohola eta kokaina kontu pribatuak ziren, neuretzat eta lanerako erabiltzen nituen», esan zuen elkarrizketa batean.

Etorkinak ziren Van Halendarrak AEBetan. Herbehereetakoak zituen gurasoak, Kaliforniara 1962an emigraturikoak, Eddiek zazpi urte zituenean. Anaiak txiro hazi ziren, aita gehienetan langabeko musikaria baitzen, eta, ama, zerbitzaria.

Kontatu zuenez, edateari utzi zion 2008. urtean. Mingainean hasi zitzaion minbizia, eta haren herena kendu behar izan zioten. Hestegorrira zabaldu zitzaion gero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.