Azpiegiturak

Arriolak dio litekeena dela %70 garestitzea Easo eta Mirakontxa arteko tunelari dagozkion lanak

Irailaren 25ean eten zuten Easo eta Mirakontxa arteko lanen kontratua. Eusko Jaurlaritzak obrak ahalik eta azkarrena abiatzeko konpromisoa berretsi du.

jarraia187997.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 7a
12:50
Entzun

Donostiako metroaren lanetan, Mirakontxa eta Easo arteko tunelari dagozkionak gelditu egin zituzten joan den irailaren 25ean, ura eta hondarra agertu zelako. Horren eraginez, azpiegitura egiteko adjudikazio kontratua bertan behera uztea aztertzen ari zela esan zuen orduan ETSk, eta hala izan da, legeak hala eskatzen zuelako, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak azaldu duenez: «[Kalteak] konpontzeko aplikatu behar diren eraikuntzako teknikak ez zeuden jatorrizko proiektuan jasota, eta esleipenaren kostua kontratuen legeak baimentzen duena baino askoz gehiago handitzea ekarri dute». Horregatik eten dute kontratua, hasieran egindako kontratua baino %50 gehiago garestituko direlako zati horretako lanak. Sailburuak onartu du litekeena dela %70 garestiago ere izatea. Kontratua 53,2 milioi euroan adjudikatu zuten.

Edozein modutan, lanak amaitzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak, eta, horretarako, Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilera bat egin du gaur goizean. Arriolak nabarmendu nahi izan du, halaber, lanen gelditzeak aurreikusitako saihesbide osoko 500 metrori eragiten diela; azpiegitura guztia egiten denean, 6,9 kilometro hondeatuko dira. Obren %90 hondeaturik dagoela ere azpimarratu nahi izan du. «Izaera geologikoa duten arazoak Mirakontxa-Easo tarteko bi puntutan daude, 400 metro eskaseko sektore batean, hondartzaren eta Easo plazaren inguruan».

Aurreikuspenez bestera ura eta hondarra agertu izanak lanen zati bat gelditzea eragin badu ere, metroa egiteko lanek aurrera jarraitzen dute. «Obrak ez daude geldirik, eta lanean jarraituko dugu ahalik eta lasterrena amaitzeko». Mirakontxa eta Easo arteko lanak, aurreikusi bezala, 2021eko uztailean amaituko direla esan du Arriolak, eta Donostiako metroa 2024rako egongo dela martxan, aurreikusi baino bi urte geroago.

Agerraldia egin duenean, Donostiako metroaren aurkako ekintzaile batzuk azaldu dira Arriola zegoen ingurura, lanak gelditzeko eskaera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.