Lan gatazkak

Gestampek Zamudioko bi lantegien itxiera berretsi du, eta langileek greba mugagabea hasiko dute

Sindikatuek salatu dute kaleratzeak eragozteko proposamenik ez dutela jaso. Azaroaren 9ra arteko epea dute akordio bat lortzeko.

Gestampeko langile batzuk, enpresaren egoitzaren aurrean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 7a
14:30
Entzun

Gestampeko zuzendaritzak eta ELAk eta LABek osatutako enpresa batzordeek bi bilera egin dituzte asteazken honetan Matriceria Deusto eta GTS enpresen itxierari buruzko espedienteaz hitz egiteko, eta, han, sindikatuek baieztatu dute taldeak asmoa duela Zamudioko (Bizkaia) bi lantegiak ixteko eta zuzeneko 230 langile eta zeharkako beste hainbat kaleratzeko.

Bestalde, bi enpresetako langileen batzordeek berretsi egin dute datorren ostiraletik aurrera greba mugagabea hasiko dutela, euren lanpostuak eta Bizkaiko autogintzaren etorkizuna defendatzeko.

Ixteko erabakia hartu aurretik, taldeak langileekin sinatutako akordioak betetzeko eskatu dute eta, ondorioz, itxiera espedienteak bertan behera uzteko. Era berean, gogoratu dute Matriceria Deusto eta GTS Gestampen parte direla, eta 2019an euskal jatorriko multinazionalak 212 milioi euroren irabaziak izan zituela. Sindikatuen arabera, bi enpresetako egoera «kudeaketa negargarriaren» emaitza da, eta arduradunek zera nahi dute: gertatzen ari denaren ondorioak langileek ordaintzea.

Aurreko astean, sektorearentzako plan industrial bat galdegin zioten Eusko Jaurlaritzari, eta Gestampi emandako diru laguntzak aztertzeko.

Hurrengo bilera urriaren 14an egingo dute, eta negoziazioa epea azaroaren 6an amaituko da.

Greba mugagabea hastearekin batera, ostiralean manifestazioa egingo dute beharginek; lantegietatik irtengo dira, 07: 00etan, eta ondoren prentsaurrekoa egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.