Durangoko Azoka

Galga 55 urteko hazkundeari

Gerediaga elkarteak 1965. urtean antolatu zuen lehenengo Durangoko Azoka. Urtez urte hazi da egitasmoa, eta aldaketa nabarmenak izan ditu, baina helburua berbera da orain ere. Aurten moldatu egin beharko dute egonkortuta zegoen formatua.

Landako erakustazoka jendez gainezka, iaz, Durangoko Azokaren azken egunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 8a
04:50
Entzun

Izango da Durangoko Azoka aurten ere, baina ez azken aldietan ezagutu den formatuan. Urteak dira azokaren eredua eta aurrekontua egonkortu zirela, baina antolatzaileek urtero txertatu dituzte berrikuntzak, eta aurrera begira ere erronka argiak dituzte, edo zituzten behintzat, finkatuta: besteak beste, publikoaren espezializazioaren neurrira egokitzea, azoka herrira zabaltzea eta urte osoan bizia ematea aipatu izan dituzte. Aurten, ordea, derrigorrezko egokitzapen bat egin beharko dute azokaren garapenean.

Izan ere, etengabe hazi da Durangoko Azoka, eta aurtengoa 55. aldia izango da. Lehenbizikoz 1965ean antolatu zuen Gerediaga Elkarteak, frankismo garaian, Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutarazteko asmoz. Andra Mariaren basilikako arkupeetan izan zen estreinako hura, eta ordutik hainbat aldiz lekualdatu dute: 1974. urtetik aurrera, Durangoko Merkatu plazan egin zuten; 1996an, karpa erraldoi batera aldatu zuten; eta, 2003az geroztik, Landako Erakustazokan egiten dute, egungo kokalekuan. Standak orain sarean egongo dira, denda digital batean.

Iaz, BERRIAn, hau zioen Katakrak argitaletxeko Hedoi Etxartek azokaren garapenari buruz: «Gure belaunaldikook ezagutu dugu hiriko azokan egiten zeneko hura, itoginak zeuzkan karpa erraldoi hura ere bai, rockak izugarri saltzen zuen garaia, eta diskoetxeak agertzen eta desagertzen ikusi ditugu, Landako guneko oraingo garaira iritsi arte. Eta uste dut hor mugarri izan dela Ahotsenea».

Izan ere, oraindik ere Landako da erdigunea, baina azken urteetan erabat egonkortu da zortzi gunetan adarkatzen den azokaren eredua —haietako bat da Ahotsenea—. Gainditua dirudi aurrekontuaren inguruko tirabirak —675.450 eurokoa izan zen iaz—, eta ezarri samar 100.000 bisitariko langak ere. Joan den urtean 120.000 lagunek bisitatu zuten azoka. Proposamen errotua da jadanik, baina erronka sorta bat ere badu. Eta, urtez urte, zarata handirik egin beharrik gabe, haiei erantzuten joatea izan da azken urteetako bermea.

Gerediaga elkartearen arabera, azoka antolatu zuten lehenengo urtean 100.000 pezetako aurrekontua izan zuten (600 euro); 1966an, 680 liburu eta 179 disko saldu zituzten, eta, 1969an, 870 liburu eta 138 disko izan ziren. Iaz, berriz, sei milioi euro mugiarazi zituen euskal kulturaren plazak. Guztira 264 erakusmahai jarri zituzten Landakon, 405 nobedade aurkeztu ziren, eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago bildu zituen programak.

Azoka da Durangokoa, baina ez merkatu huts. Ukaezina da haren eragin ekonomikoa, eta han lortutako baliabideak oso ondo datozkio betiereko krisiaren mehatxupean bizitzera ohitu den kultur industriari, baina eragile gehienek nabarmentzen dute Durangoko Azokaren bestelako onurak ekonomikoak bezain garrantzitsuak —edo are garrantzitsuagoak— izaten direla.

Iaz argitaratutako ikerketaren arabera, bisitariek, azokan, milioi bat euro gastatzen dute liburutan, eta ia milioi erdi diskotan; gastu orokorraren %60 eta %28,3, hurrenez hurren. Batez beste, bisitari bakoitzak 49 euro gastatzen ditu azokan, hiru aleren baino gehiagoren truke, eta 28, berriz, Landako guneaz kanpoko ostalaritzan eta merkataritzan, Durangon eta Durangaldean.

Plateruenaren galera

Aurten, eta, printzipioz aurrerantzean, gune garrantzitsu bat galduko du Durangoko Azokak: Plateruena kafe antzokia. Landako guneak ateak itxi ostean, Plateruena bilakatzen zen azokako programazioaren erdigunea, eta bertan egiten ziren kontzertu nagusiak. Joan den urtean gauero izan ziren emanaldiak, eta hango oholtzatik igaro ziren En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi.

Aldaketa gehiago ere izan ditu DAk 55 urteko ibilbidean. Adibidez, 1992. urtean hasi ziren Argizaiola saria ematen, baina duela hiru urte eman zuten azkenengoz. Euskal kulturaren alde urteetako ibilbidea egin duen jendea omentzea zen sari horren helburua, baina norabidea aldatu, eta proiektu berriak sortzen laguntzeko sorkuntza beka jarri zuten abian duela bi urte.

Euskal kulturaren irla

Irla bat. Oasi bat. Parentesi bat. Burbuila bat. Arnasgunea. Erreserba bat... Hamaika metafora erabili ohi dira Durangoko Azokak euskal kulturan duen eragina deskribatzeko. Baina irudi horiek baikorragoak edo ezkorragoak izan, beti deskribatzen dute salbuespen egoera moduko bat. Gutxitan lortzen baitu euskal kulturak Durangon besteko dentsitaterik eta masa kritikorik. Eta urte osoan nagusi den ikusezintasunarekin nabarmen egiten du kontrastea horrek. Azokak nolabait erronka hori betetzen saiatu beharko du aurten ere, COVID-19ak baldintzatuta.

Dentsitate horren datu zehatzak eman zituzten Gerediaga elkarteak eta Siadeco etxeak 2016an egindako azokari buruzko ikerketan. Bertan zehazten zenez, euskaldun guztien %12 pasatu ohi dira abenduko lehen astean Durangotik, eta euskaldunak dira, gainera, bisitari gehienak. Arnasgune efimero bat, nahi bada, baina arnasgune bat, halere. Eta azokak euskaldunen komunitatean dituen erro sendoak erakusten ditu horrek.

Eta funanbulismo horretan dago azokaren beste erronketako bat: nola mantendu edo areagotu euskaldun nukleo hori, aldi berean euskararik ez dakien jendea erakartzea lortuz? Aldaketak aldaketa, euskal kulturaren arnasbide izan beharko du Durangoko Azokak gerora ere. Horretarako beharra badago, eta kezka ere bai, are gehiago aurtengo egoerari erreparatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.