Musika

Asmakizunetan «ederrena»

Hilabete batzuk atzeratu ondoren, Tenporak hirugarren diskoa aurkeztu du: 'Berriro asma nazazu'. Harkaitz Cano, Karlos Linazasoro eta Leire Bilbaorenak dira letretako batzuk

Tenpora musika taldearen hirugarren diskoa da Berriro asma nazazu. Argazkian, taldekideak, lan berria aurkeztu zuten egunean. JON URBE / FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 8a
08:16
Entzun

«Esperanza zuen izena/ goizeko lau(re)tan jaiki,/ gure lotsak garbitzen dabil/ seiehun euro gordin./ Bi haur han (e)ta beste hiru hemen/ hari finez loturik (...)». Prekaritatea emakume batean gorpuztu du Tenporak langilearen izen bereko abestian. Anonimotasunean ari dira beste hainbat, ordea, taldearen Berriro asma nazazu disko berrian. Apirilean aurkeztekoak ziren, baina pandemiak atzeratu egin zuen hori ere, udazkenera arte. Hala, diskoaren muinak, eta are izenburuak, pandemia burura ekar lezaketen arren, ez dio errealitate horri heltzen, Juantxo Zeberio taldekideak azaldu duenez: «Beti nahi izaten dugu eboluzionatu, gauden lekuan ez geratu. Disko hau, izenburutik hasita, hortik joango litzateke. Garaiotan oso modan dagoen zerbait da, baina guk duela ia urtebete jarri genion izena».

Taldearen hirugarren albumean ere kideen «kezkak» islatzen direla dio Zeberiok, eta, hori hala izanda, Esperanzarekin bat egiten dute baita errefuxiatuek ere, besteak beste. Alabaina, disko «baikorra» dela dio, eta aurrekoak baino «koloretsuagoa» ere bai. «Maitasun kanta pare bat ere badu. Baina ez da maitasun idilikoa, perfektua... bere ertz eta araztasunak agertzen ditu». Badu lehengotik asko, baina, bizi dituzten egoerek baldintzatuta, «aldaketa nabarmenak» ere aurki daitezke lan berrian: «Musikalki saiatzen gara aurrera begirako interpretazio bat egiten. Usaintzen, ukitzen eta entzuten dugun hori diskoetan islatzen saiatzen gara, beldurrik gabe. Kasu honetan, jendeak betiko Tenpora aurkituko du, baina soineko, kolore eta estetika ezberdinekin».

Taldeko bost kideenak ez ezik, Berriro asma nazazu-k beste hainbat egileren esku hartzeak ere bildu ditu. Zeberiok berak egin ditu kanta guztiak, baina letra batzuek idazle sonatuen sinadura daramate; besteak beste, Harkaitz Canok, Karlos Linazasorok eta Leire Bilbaok ekarpena egin diote diskoari. «Karlosen kasuan, beti idazten du maitasun berezi eta idealen inguruan». Canorenak dira, bestalde, Denborak badaki abestiaren ahapaldiak. Konfinamendu garaian atera zutenez, «aktualitateko» gai batez ari da kantua: «Denok etxean geunden, eta denboraren igarotzearen pertzepzio pertsonal eta kurioso bat zuen bakoitzak. Kasualitatez, abesti honek ere igarotze horri buruz hitz egiten du». Bilbaok, berriz, kantu biren letrak ondu ditu, «oso ederrak», Zeberioren ustez. «Bolero kutsuko maitasun kantua» da lehena; bigarrenean, metaforara jotzen du idazleak: «Maleta batez ari da, baina Euskal Herriaren inguruko testua izan daiteke, edo, orokorrean, gordeak ditugun gauzen ingurukoa».

Arlo musikalari dagokionez ere izan dituzte hainbat kolaborazio, nahiz eta, Zeberiok dioenez, «tentazio» hori saihesten saiatzen diren. 2012an, taldea sortu zuten urtean, dagoeneko bide luzea zuten egina Tenpora osatzen duten musikariek; ez ziren preseski ezezagunak musikaren arloan. Ondorioz, hainbat kolaborazio egiteko abagunea izan dute eta dute oraindik, eta artista askorekin dute harremana. Hala ere, disko berrirako «laguntza puntualak, baina oso bereziak» baino ez dituztela izan argitu du Zeberiok: «Et Incarnatus orkestrako hari hirukote bat hiruzpalau kantutan, eta Xendarineko Ahizpak diskoko azken abestian».

Ondo egindako lana

Berriki aurkeztu duten arren, batzuek izan dute Berriro asma nazazu aurretik entzun eta gozatzeko aukera. Horietako batek, Igor Estankonak, disko «biribila» iritzi dio Tenporaren azkenari, eta taldearen «ederrena» dela ere azpimarratu du. Taldeak hitzok eskertu dituela dio Zeberiok, eta, gainera, idazlearen balorazioarekin bat egiten duela: «Diskoa entzun genuenean, sentsazio bera eduki genuen. Argi eta garbi, gure diskorik onena da, diferentzia handiz». Taldeari egotzi izan dioten izaera eklektikoa agerian geratu da lan berrian ere. «Beste toki batean kokatu gara. Guk ez dugu musika egiten egindako hori errepikatzeko». Popa, jazza eta folka jorratu izan dituzte, eta hartara dator inoiz eskaini izan dieten beste izenondoa: Tenpora sailkaezina dela, hain zuzen. «Gelditu gabe aritzen den makineria» da taldea Zeberiorentzat, eta horrek «arriskua» ere ekar lezake: «Ildo berri bat aukeratzean, gerta liteke lehen funtzionatzen zuen horrek huts egitea eta bide berriak etekinik ez ematea. Baina taldekook ez dugu ulertzen musika arriskurik eta aldaketarik gabe».

Disko berriak dakarren aldaketa «nagusia» da bakarrik lan egiteari utzi diotela eta ekoizle baten laguntzaz ondu dutela. Aitor Etxebarria «lagun» eta musikariaren esku utzi dituzte soinuari dagozkionak. Emaitza, honako hau: «Esango genuke soinu aldetik Tenpora ez dela izan orain bezain argia. Beste kolore bat bilatu nahi izan dugu, edo nahi gabe topatu dugu agian; ilunagoa eta gaurkoagoa den kolore bat». Itxialdiak egutegia hankaz gora jarri ondoren, aurkezpenaren ondoren behar zuten kontzertuetako hiru aurretik egin dituzte, eta beste hiru dauzkate aurreikusita; bi udazkenean, eta beste bat udaberrian, Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa). Zeberio: «Baikorra izan nahiko nuke, ikusten baitut udal txiki asko ahaleginetan ari direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.