Musika

Euskadiko Orkestra eta Musikene orkestra bakar modura ariko dira bihar

Euskadiko Orkestrako kideek eta Musikeneko zenbait ikaslek kontzertu bat emango dute elkarrekin, estreinakoz eta Jaume Santonjak gidatuta

Euskadiko Orkestrako musikariak entsegu batean, Donostiako egoitzan. EUSKADIKO ORKESTRA
2020ko urriaren 8a
08:19
Entzun

Euskadiko Orkestrako (EO) zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak EOren Miramongo egoitzan ari dira elkartzen asteon, Donostian bihar emango duten aparteko kontzertua prestatzeko. Haien hitzetan esanda, «orkestra bakar batean orkestra praktikako lana egiteko». Izan ere, bi erakundeek 2012az geroztik sinatua duten Jorda Gela hitzarmenaren barruan garatuko da emanaldia. Hitzarmen horrek jasotzen duen jarduera nagusietako bat da, hain zuzen, aipatutako Musikeneko masterreko ikasleek praktika profesionalak egin ahal izatea Euskadiko Orkestraren barruan. Aurreko urteetan, Euskadiko Orkestraren zenbait kontzertutan parte hartu izan dute, beste musikari batek bezala lan eginez. Aurten, ordea, lehen aldiz, bien artean orkestra bakar bat balira bezala aritzeko elkartzea erabaki dute. Horren emaitza izango da bihar jendaurrean erakutsiko dutena: Musikeneko auditoriumean izango da emanaldia, 19:30ean. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bi erakundeetako kideek osatutako orkestrara 23 musikari helduko dira EOtik, eta 26 Musikenetik —horietatik hamasei, masterra ikasten aurten hasiko direnak—. Josef Suk txekiarraren Serenata eta W.A. Mozarten 41. Sinfonia, Jupiter interpretatuko dituzte. Atzo aurkeztu zituzten xehetasunak prentsaren aurrean, eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak bi erakundeen arteko «aliantza estrategikoaren» garrantzia azpimarratu zuen: «Horrelako proiektu berritzaile bat sortu izana arrakasta partekatua da; etorkizuneko musikarien ongizatearen alde doan heinean». Bide beretik aritu zen Oriol Roch EOko zuzendari nagusia ere: «Masterra hasten ari diren ikasleentzat, aukera aparta da iritsi bezain pronto orkestra praktika hauekin hasi ahal izatea».

Santonjaren estreinaldia

Jaume Santonjak zuzenduko du bi erakundeetako kideek osatutako orkestra, eta Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu gisa egingo duen estreinaldia ere izango da harentzat. Santonja aurkezteko baliatu zuen atzoko agerraldia Rochek; 34 urte bete berritan «ibilbide profesional bikaina eta etorkizun oparoa» dituela esan zuen. Pozik eta eskertuta azaldu zen, haren ondotik, Santonja: «Instrumentistak ez garenontzat —orkestra da gure instrumentua—, musika egitea ia miraria da egungo egoeran, eta, beraz, oso eskertuta nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.