Murgiltze eredua

Larunbatean Baionan mobilizatzera deitu du euskalgintzak

Gatazka eskola publikoan sortu bada ere, sail katolikoan eta ikastoletan ere «lanjerra» sentitzen dutela erran dute.

Euskalgintzako eragileak, gaur goizean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 8a
11:08
Entzun

«Egoera biziki larria da, eta beharrezkoa da mugimendu azkar bat altxatzea [Frantziako] estatuari erakusteko gure desadostasuna, eta errateko erabaki kaltegarri horiek ez ditugula onartzen». Honela mintzatu da Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko kidea gaur goizean, euskalgintzako eragileetako kideekin batera Baionan egin duten prentsaurrekoan. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa abiatzea errefusatu zuen Bordeleko errektoretzak, eta ordutik gatazka irekia da. EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek bilera bat galdetua diote Frantziako Hezkuntza ministerioari, baina, gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik. Euskararen gizarte eragileek mobilizaziora deitu dute.

Rene Cassinen sortetxearen aitzinean elkartu dira gaur, leku horren eta Baionako suprefeturaren artean eginen dutelako giza katea, larunbatean, 11:00etan. «Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren idazleetariko bat izan zen», oroitarazi du Jessica Dordeins Narzabal Biga Bai guraso elkarteko kideak. Azpimarratu du 1948an NBE Nazio Batuen Erakundean bozkatu zen testu horretan pertsona orori oinarrizko eskubideak aitortzen zaizkiola, «edozein izanik ere bere hizkuntza eta lurraldea», eta gurasoek beren haurrentzat nahi duten hezkuntza mota hautatzeko eskubidea ere aipatzen dela. «Adierazpen horren izenean, gure hizkuntza eskubideak defendatu nahi ditugu, eta Frantziako Gobernuak gure hizkuntzen kontra duen jarrera salatu».

Hiriburuko esperimentazioari uko egitea «biziki kolpe gogorra» da euskarazko irakaskuntzarentzat, euskalgintzako eragileek adierazi dutenez. Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak jakinarazi zuen hemendik aitzina agertuko diren euskara hutsezko esperimentazio eskaera guziak errefusatuko dituela. «Erabaki horren bukaera ematen dio orain dela hamabi urte eskola publikoan martxa eman zen eredu horri». Dordeins Narzabalen hitzetan, «argi da» Frantziako Gobernuak, Hezkuntza Ministerioaren bidez, hizkuntza gutxituen kontrako jarrera «gogortu» duela. Iaz, «sekulako borroka» izan zen Irisarriko (Nafarroa Beherea) eta Ainhoako (Lapurdi) proiektuak onartzeko. «Aurten, gatazka maila bat igo da, eta murgiltzearen ereduaren etorkizuna arras iluntzen ari da eskola publikoan. Lanjerra sentitzen da sail katolikoan ere, eta laster, baita ikastoletan ere».

22 protesta

Euskarazko irakaskuntza bultzatzen duten eragile guziek deitu dute larunbatean Baionan eginen den protestara, hala nola Biga Bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas Bi eta Seaskak, Euskal Konfederazioarekin batera. Euskaltzale guziei egin diete deia, baina «bereziki beren haurrentzat euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren hautua egin duten guraso guziek hizkuntza eredua libreki hautatzeko duten eskubidea defendatzeko, eta euskaraz irakasteko hautua egin duten irakasle guziek, euskaraz eta Euskal Herrian irakasteko duten eskubidea aldarrikatzeko».

Osasun egoera kontuan hartuta, giza katea ahal bezain ongi antolatzeko, ekitaldira tenorez iristeko eskatu diete herritarrei. Maskara jantzita eta distantziak errespetatuz eginen dute mobilizazioa.

Baionakoa ez da hizkuntza gutxituen alde larunbat honetan antolatuko den mobilizazio bakarra. Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta, 22 protesta izanen dira Frantziaren meneko lurraldeetan, Bretainian, Alsazian, Korsikan, Flandresen, Arpitanian, Katalunian eta Okzitanian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.