Preso palestinar batek 73 egun egin ditu gose greban

Maher al-Akhras presoa «larri» dagoela ohartazi dute. Uztail amaieratik atxilotze administratibopean dago atxilotua. Presoa askatzeko eta haren aurkako prozedurak bertan behera uzteko eskatu dute.

Preso palestinarren senitartekoen protesta. ABED AL HASHLAMOUN/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 8a
12:01
Entzun

Maher al-Akhras presoaren osasunak «okerrera» egin duela ohartarazi dute haren senideek. Uztailaren 27an hasi zuen gose greba, Israelen atxilotze administratiboaren formula salatzeko; izan ere, atxilotze horrek jendea preso hartzea ahalbidetzen du inolako kargurik aurkeztu gabe. Al-Akhras aske uzteko eta atxilotze administratiboa deuseztatzeko eskatu du Palestinako Giza Eskubideen Kontseiluak.

Kaplango ospitalera (Israel) eraman zuten irailean, pisua galdu baitzuen, lehen zeukanaren erdia izateraino. Israelgo Shin Bet segurtasun agentziak adierazi du erakunde jihadista baten ustezko kide izateagatik atxilotu zutela. Al-Akhrasen senideek ezeztatu egin dute hori. Oraingoa ez da Al-Akhras atxilotze administratibopean egon den lehen aldia. Beste lau aldiz atxilotu dute, 1989an lehen aldiz. Guztira, bost urte baino gehiago eman ditu Israelgo kartzeletan.

Irailaren 23an Al-Akhrasen abokatuak atxilotze administratiboaren agindua deuseztatzeko eskakizuna egin zuen, eta, ordutik, «izoztu» egin zuten presoaren aurkako agindua, hura  «larri» dagoenez gero arriskurik ez dagoela argudiatuz. Urriaren 1ean abokatuak agindua deuseztatzeko eskaera egin zuen berriz, baina eskaera atzera bota zuten, atxilotze administratiboa martxan ez dagoela argudiatuz. Palestinako Giza Eskubideen Kontseiluak salatu egin du atxilotze administratiboa gelditzea presoaren «gose greba geldiarazteko larderia taktika» dela. Presoak gose greban jarraituko duela jakinarazi dute.

Atxilotze formula hori deuseztatzeko eskatu du kontseiluak, «oinarrizko giza eskubideak urratzea» dela argudiatuz. Gogorarazi du Torturaren Aurkako Nazio Batuen Konbentzioak (UNCAT) «atxilotze administratiboa desagerrarazteko neurriak hartzeko eta erregimen horretan dauden presoei legezko oinarrizko babesa ziurtatzeko» eskatu ziola Israelgo Gobernuari.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.