Osasuna

Aita Menni ospitaleko langileek grebarako deia egin dute

Urriaren 14an izango da; enpresari egozten diote lan ituna ez negoziatzea, eta instituzioei, «konplize» izatea

arantxa iraola
2020ko urriaren 8a
13:02
Entzun

Aita Menni ospitaleko langileak eta enpresa bereko beste hainbat zentrotakoak, 500 bat langile denera, grebara deituta daude; urriaren 14rako eginda dago deia, gaur lantaldeko hainbat ordezkarik ELA sindikatuaren Donostiako egoitzan jakinarazi dutenez. Mobilizazio nagusiak Arrasaten (Gipuzkoa) egingo dituzte, hantxe baitago erietxea.

Buruko osasuneko eta desgaitasunen alorreko zentroak batzen ditu Aita Mennik, Gipuzkoan. Langileek adierazi dute bi urte daramatzatela lan ituna negoziatzen, baina jarrera uzkurra duela enpresak. «Ez du inolaz ere gure lan baldintzei buruz hitz egin nahi», salatu dute: «Aldez aurretik adostutako edukiak boikotatzen ditu, langileon negoziazio eskubidea urratuz. Hau ez dugu inola ere onartuko».

Gogorarazi dute, berez, «irabazi asmorik gabeko» enpresa dela Aita Menni, «finantzaketa publikoa» duela, eta urtean milioi bat euroren irabazi garbiak dituela; horiek horrela, langileen soldatak %7 igotzeko ahalmena badutela uste dute, baina borondaterik ez dagoela horretarako: «Negozio aparta bihurtu dute osasuna». Arbuiagarria deritzote jarrera horri: «Aita Menniren filosofia omen da pertsonen ongizatea eta errespetua erdigunean jartzea. Hemendik zuzendaritzari galdera zuzena egin nahi diogu: langileek zer toki dute hainbeste aldarrikatzen duzuen filosofia horretan?».

Enpresarekin konpontzeko ahaleginek orain arte ez dutela fruiturik eman esan dute, eta horregatik hautatu dutela grebaren bidea. «2017tik ez daukagu soldata hobekuntzarik, eta langile publikoen soldatetatik oso urrun gaude», deitoratu dute. Bestelako zailtasunen berri ere eman dute: «Kontratazioan ere sekulako arazoak daude. Postuak ez dira betetzen, aldi baterako langileei ez diete uzten oporrak hartzen, eta lan kargak sekulakoak dira».

Enpresari bakarrik ez, erakundeei ere mintzatu zaizkie langileak. Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak enpresaren «finantzaketa publikoan» parte hartzen dutela gogoratu dute, eta, hein batean, enpresak sustatu duen «negozio» ereduaren «konplizeak» direla deitoratu dute. Bereziki gaitzetsi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera.

Pandemiarekin, gainera, egoerak okerrera egin duela adierazi dute. «Lehen lan karga handiak bagenituen, orain zama bikoiztu egin da, eta ez da langile gehiago kontratatu», salatu dute. Enpresak oinarrizko segurtasun neurriak ere ez dituela betetzen salatu dute: «Oporretatik itzulitako langileei ez diete PCR probarik egin hasieratik, Arrasateko erietxean gaitzaren agerraldi bat baino gehiago egon direla jakinda ere».

Beren borrokaren muinean «kalitatezko asistentzia» bermatzea dagoela adierazi dute, eta atxikimendua eskatu dioten gizarteari: «Txaloetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.