Adegik beharrezkotzat jo du Europako dirua enpresa txikietara ere iristea

Patronalak aurreikusi du Gipuzkoako ekonomia %8-10 apalduko dela 2020an eta 10.000 lanpostu galduko direla. Hala ere, «susperraldia hasi» dela azpimarratu du.

Adegiko buruak, ostegun honetan eginiko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 8a
13:10
Entzun

Behiak trenei bezala. Gipuzkoako enpresariek ez dute Europatik etorriko diren diru laguntzei begira hala gelditu nahi. «Ez gaude aukera hau alferrik pasatuko den beldurrez. Guk uste eta esaten duguna da denoi iritsi behar zaizkigula», zehaztu du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari orokorrak. Lurraldearen ehun produktiboaren ezaugarriak kontuan hartuta, laguntza horiek enpresa txiki eta ertainetara bideratzeko moduak landu behar direla uste du Adegik, eta bide horiek lantzeko eskatu die erakundeei eta enpresaburuei. Aierzak azpimarratu duenez, «elkarlana» izan behar da hitz gakoa: instituzioen artekoa, «Europak finantzatuko dituen egitasmo gehienak publiko-pribatuak izango direlako», eta enpresen artekoa ere bai,«txikiak elkartu beharko direlako, proiektu handiagoak-eta aurkezteko».

Mezu hori eman du ostegun honetan Gipuzkoako patronaleko buruak, egoera ekonomikoari buruzko inkestaren emaitzak aurkezteko agerraldian. Aierzak azpimarratu duenez, egungo testuingurua «gogorra eta zaila» da, eta «ziurgabetasun handikoa», osasun krisiaren garapenaren arabera har daitezkeen erabakiengatik. Dena den, adierazi du Gipuzkoan «susperraldia hasia» dela, bereziki industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan, eta, ezbeharrik ezean, espero du hala jarraitzea. Hori hala, maiatzean eginiko aurreikuspenari eutsi dio patronalak: uste du aurten %8-10 artean jaitsiko dela Gipuzkoako BPGa, eta 10.000 lanpostu inguru galduko direla. Zifra kezkagarriak direla aitortu du Aierzak, baina buelta emateko modukoak ere badirela.

«Erantzukizun kolektiboa»

Aurrera begirakoari buruz, itxaropentsu azaldu da, eta lurraldeko enpresen artean egindako inkestaren emaitzak jarri ditu adibide gisa: hamarretik zazpik uste dute urtebete barru edo lehenago gertatuko dela suspertzea, eta %15ek, dagoeneko gauzatu dela. «Egia da, halere, sektore batzuek, aisialdiarekin eta kulturarekin loturikoek bereziki, denbora asko beharko dutela pandemiaren aurreko mailara iristeko», zehaztu du Patxi Sasigainek, Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak.

Patronaleko presidente Eduardo Junkerak, berriz, gogoratu du Gipuzkoako egitura ekonomikoa industriala dela bereziki, enpresa horiek BPGaren %28 sortzen dutela —lau lanpostutik bat—, eta oso dibertsifikatuta dagoela jardunen arabera. Beste sektoreen garrantzia ere nabarmendu du, eta azpimarratu du enpresa pribatuek eta bereziki txiki eta ertainek (%95ek) sortzen dutela enpleguaren %85. Hori kontuan hartzeko eskatu du diru laguntzak-eta banatzeko orduan. «Ez ahazteko esaten dut: enpresek sortzen duten enplegua, aberastasun soziala eta ongizatea ekarpen ordezkaezina da. Enpresek egiten ez badugu, ez du inork egingo. Zaindu ditzagun. Lagun diezaiegun».

Adegiko kideek aipamen berezia egin diote Europako laguntzei. Handik etorriko den dirua ekonomia jasangarria eta digitalizazioa bultzatuko duten proiektuetara bideratuko dira, baina aitortu dute «lausoak» direla oraindik Bruselaren baldintzak eta epeak. Patronaleko buruek gogoratu duten moduan, Espainiako Gobernuak kudeatuko ditu jasoko dituen 72.000 milioi euroak, eta autonomia erkidegoek proiektuen zerrendak aurkeztu beharko dituzte; horretan ari dira.

Aierzak azpimarratu du Adegik ez duela zalantzan jartzen prozedura, eta gaineratu du «erronka» gisa ikusten duela Europatik datorren dirua, enpresek egungo krisiari erantzuteko finantzaketa lortzeko, baina baita patronala azken urteetan bultzatzen ari den «enpresa eredu berrian» sakontzeko ere. Egoerak erantzun «kolektibo» bat eskatzen duela azpimarratu du.

Metaleko itunarekin baikor

Adegiri zuzenean eragiten dion beste gai bati buruz ere mintzatu da patronaleko burua: Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioari buruz, alegia. Aurreko astean ELArekin eginiko aurreakordioaz esan du Adegik «dena eman» duela, eta gogoratu du sindikatu horrek berak aitortu duela «historikoa dela, parekorik gabea, [Espainiako] estatuko onena, eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egiten duela».

Aurreakordioak, dena den, gutxienez beste sindikatu baten babesa behar du onartu ahal izateko. Horren harira, Aierzak ez du epe zehatzik jarri nahi izan, baina esan du «egun batzuk» eman dizkietela, behar dituzten kontsultak egin ditzaten, eta ezezkoan jarraituz gero, patronalak atzera egingo duela ohartarazi du. Dena den, «baikor» azaldu da. «Egoera zail honetan, akordio ona da, eta gainerako sindikatuetako afiliatuek horrela ulertuko dute».

CCOOk, baina, ez du iritzi bera. Komunikabideetara bidalitako ohar batean adierazi du ez dela «nahikoa», eta aukera dagoela «puntu guztietan» gehiago sakontzeko, bereziki lan segurtasunarekin eta berdintasunarekin loturikoetan. «Gai hauetan aurrera egiteak lehentasun osoa izan beharko luke Gipuzkoako hitzarmenik garrantzitsuena negoziatzen ari diren erakunde guztientzat». CCOOren ustez, «patronalaren itxikeriak» ez luke hori oztopatu behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.