Etxebizitza

Kalean daudenei «berehalako konponbideak» emateko eskatu diote Gasteizko Udalari

Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak Gasteizko Udalari aurpegiratu diote etxegabeak eta adingabeak «abandonatzea».

Gasteizko Udaletxearen aurrean egin dute agerraldia gaur. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 8a
17:26
Entzun

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen, eta Gasteizko Udalak etxegabeekin duen «sentsibilitate eskasa» salatu dute. Elkarteetako kideek gogoratu dute maiatzean, konfinamenduaren ondorengo lehenengo fasean, idazki bat bidali ziotela Gorka Urtaran alkateari, etxerik ez dutenen, herritar migratuen eta babes bila dabiltzanen arazoak azaltzeko. Ordea, deitoratu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso.  «Antza denez, ez da loa kentzen dion zerbait. Askoz garrantzitsuagoak dira Abiadura Handiko Trenaren lurperatzea edo autobus elektrikoa, eta proiektu horietara diru publiko asko bideratzen da».

Idazkian udal politika zuzentzeko zenbait jarduera proposatu zizkioten Udalari. Besteak beste, Gasteizko alokairu merkatuaren erregulazioa, aldi baterako harrera guneetan dauden pertsonak babestea, tutoretzapeko gazteen kolektiboari arreta berezia eskaintzea eta gizarte erroldatzea bermatzea behar duten pertsona guztiei.

Elkarteetako kideek kritikatu dute udalak adingabeei bizitokia bermatu behar dien arren ukatu egiten dietela, argudiatuta ez dutela baliabiderik. Ohartarazi dute, halaber, egon dela jendea abandonatutako pabiloi industrialetan lo egin duena edo Gasteiztik alde egin behar izan duena. Hori hala, Gasteizko Udalari «berehalako konponbideak» eskatu dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.