Katalunia

Protestekin hartu dute Espainiako erregea Katalunian

Kataluniako azken hiru presidente kargugabetuek agerraldia egin dute elkarrekin Perpinyan, Felipe VI.aren bisita salatzeko.

Carles Puigdemont, Quim Torra eta Artur Mas, gaur Perpinyan. DAVID BORRAT / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 9a
16:14
Entzun

Felipe Borboikoa Espainiako erregeak bisita labur bat egin du Bartzelonara. Ordu bat inguru besterik ez du iraun, baina aski izan da protesten oihartzuna entzuteko. Bartzelona New Economy Week deiturikoaren sariak banatzeko ekitaldira joan da Borboikoa, Kataluniako hiriburuko Frantziaren Geltokira. Leku hori aukeratu dute monarka protestetatik urrundu eta bakartu ahal izateko.

Izan ere, Kataluniako hainbat gizarte mugimenduk manifestazio eta bestelakoak antolatu dituzte Espainiaren ordezkari gorenaren bisitaren kontra, Kataluniak ez du erregerik lelopean.

Dozenaka mossok itxi egin dituzte geltokira heltzen diren kale guztiak. Eta, Espainiako Errege Etxeak eskatuta, bisitaren aurkako pankarta bat kendu dute ekitalditik gertuko balkoi batetik: Juan Carlos Lehena, Felipe Azkena zen pankartaren mezua.

Monarkak Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez agurtu du geltokiaren sarreran. Espainiak Katalunian dituen ordezkaritzako hainbat kidek hartu dute parte ekitaldian, eta enpresaburuen ordezkariEk. Baita PSC alderdiko buru Miquel Icetak ere. Baina Kataluniako Generalitateko kiderik ez da egon ekitaldian, eta Bartzelonako alkate Ada Colauk ere muzin egin dio.

Hogei minutu eskas iraun du ekitaldiak.

Kalean hainbat protesta ekitaldi egin dituzte. Horietako ikusgarrienean, Espainiako erregearen argazki handi bat erre dute. Kataluniako Asanblea Nazionalak antolatu du ekitaldia, eta haren presidente Elisenda Paluziek eman dio su irudiari. Aurretik azaldu duenez, Europako justiziak ebatzita du adierazpen askatasunak babesten duela Espainiako erregearen irudiak erretzea. Hori hainbat ekintzaileren lanari esker lortu dela gaineratu du: «Desobedientzia zibilak eskubideak zaindu dizkigu».

Presidenteen agerraldia

Kataluniako Generalitateko azken hiru presidenteak elkarrekin agertu dira Perpinyan (Herrialde Katalanak), Espainiako erregeak Bartzelonara eginiko bisitari erantzunez. Artur Mas, Carles Puigdemont eta Quim Torra presidente ohiek salatu dute azken urteotan Kataluniako gobernuburuek pairatu duten «errepresioa», eta nazioarteari laguntza eskatu diote, manifestu baten bitartez. «Giza eskubideen Europa ez da bateragarria zapaltzera dedikatzen den herrialde batekin», adierazi dute manifestuan.

«Felipe VI.aren sei urteotan, Generalitateko presidente guztiak kargugabetu dituzte», esan du Puigdemontek. Gobernuburu ohiek galdetu dute «normala» ote den Europako Batasuneko lurralde batean presidenteak agintetik kentzea ideiak defendatzeagatik edo ekintza ez-bortitzengatik, eta «etikoa» ote den «Kataluniak hiru presidente jazarrita edukitzea, eta preso politikoak, Espainiako errege ohiak estatuaren laguntzarekin ihes egin duenean».

Salatu dute eurek agerraldia Perpinyan egin behar izana, Espainiako erregea Bartzelonan den bitartean. Monarkak «enpresen ihesa bultzatuz, kataluniarren interesei kalte» egin ziela gogoratu dute. «Independentismoa gauzak aldatu asmo ditu modu erabat demokratikoan», esan du Torrak. «Orain hiru [presidente] gara, baina auskalo zenbat gehiago izan ahalko diren». Etorkizuneko presidenteei eskatu die bidean topatuko dituzten «pareten gainetik egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.