Italiako Giroa

Demareren hirugarrena

Groupama FDJko txirrindulariak irabazi du Giroko zazpigarren etapa, berriz ere esprintean. Joao Almeidak segitzen du lider, eta Pello Bilbaok bigarren postuari eutsi dio

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 9a
17:30
Entzun

Aseezin ospea dute esprinterrek. Hori berresten duten adibideak asko dira: Mario Cipollini, Erik Zabel, Mark Cavendish, Alessandro Petacchi, Peter Sagan... Bada, molde horretako txirrindularia dela erakusten ari da Giro honetan Arnaud Demare (Groupama FDJ). Zazpigarren etapa ere hark irabazi du; nola ez, esprintean. Hirugarrena du lasterketan, eta hamahirugarrena denboraldi honetan. Une honetan tropeleko txirrindularirik bizkorrena dela erakusten ari da. Haize babesek markatutako etapa izan da. Pello Bilbaok (Bahrain) bigarren postuari eutsi dio.

Giroko historiako etaparik bizkorrena izan da. Batez besteko abiadura orduko 51,230 kilometrokoa izan da. Aurreko marka 49,420 kilometroan zegoen. 2012ko Giroko 18. etapan izan zen. Andrea Guardinik irabazi zuen orduan. Ia abiatu bezain laster osatu da eguneko lehen ihesaldia. Lau txirrindularik egin dute aurrera: Thomas de Gendtek (Lotto Soudal), Josef Cernyk (CCC), Marco Frapportik (Vini Zabu), eta Simon Pellaudek (Androni).

Haizea espero zen, eta aurreikuspena bate egin da. Horrek urduritasuna eragin du tropelean: Jumbo Visma eta Deceuninck tiratzen hasi dira, eta haize-babesak sortu dira. Ondorioz, 30 bat txirrindulari baino ez dira geratu tropel nagusian. Faboritoak eta aurrean sailkatutakoak bertan ziren. Baina, bigarren saiakeran, hainbat txirrindulari garrantzitsu geratu dira atzean. Tartean Bilbao, Jakob Fuglsang (Astana), Rafal Maijka (Bora) eta Simon Yate (Mitchelton).

Haize-babesek tropelean jarritako erritmoaren ondorioz, iheslariek ez dute bide luzea egiteko aukerarik izan. Bilbaoren taldeak, berriz, tropelarekin bat egitea lortu du, 96 kilometro falta zirenean. Lehen kilometro zoroen ostean, eta behin aurrekoak harrapatu ostean, lasterketako erritmoa zertxobait baretu da. Baina 45 kilometro falta zirenean, berriro ere urduritasuna agertu da. Izan ere, eroriko batek hainbat multzotan banatu du tropela.

Hortik aurrera, hasieran gertatu bezala, erritmoa bizia izan da helmugara bitarte. Azken kilometroetan Bora, Groupama, eta Deceuninck izan dira lasterketa burua agertu diren taldeak. Groupamak ondo lagundu dio Demareri. Hark Saganen gurpila hartu du, eta nahi izan duenean jo du kolpea; hala, hirugarren garaipena poltsikoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.