BIHAR BERRIA-N

Pandemia garaira moldatutako dantzak

Dantzaldiak bertan behera gelditu dira koronabirusaren ondorioz; beraz, eskoletara, entseguetara eta ikuskizunetara mugatu da dantza. Denek egokitu behar izan dute egoera berrira. Pandemiak dantzaren munduan nola eragin duen aztertzen duen erreportaje bat argitaratuko du bihar BERRIA-k 'Bizigiro' sailean.

Bilboko swing eskolan maskara jantzita eta lurra markatuta ari dira dantzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Tubia.
2020ko urriaren 9a
18:07
Entzun

Distantziak, maskarak, gelak eta jende kopurua zein espazioa mugatzea; pandemia garaian dantzatzeko neurriak dira denak. Egoera berrira egokitu edo dantzatzeari utzi, beste aukerarik ez zen, beraz, dantzan jarraitzea erabaki dute dantzariek. Distantzia hartzeko garaietan, osasun neurriekin bateraezinak dirudite tangoak, swingak, saltsak, bachatak, baltsak edo mazurkak. Berdin taldeetan egiten diren dantzak, jendea elkartzeko mugak indarrean baitaude. Oztopo horiek gainditu behar izan dituzte dantzaren alor guzietan aritzen direnek: profesionalek zein zaleek.

Hala ere, dantzaren alor soziala da birusak gehien murriztu duena: ez dago jaialdirik, ez dantzaldirik, ezta dantzalekurik ere. Dantza aretoak itxita luzaz mantentzerik ez dela salatu dute dantzalekuetako jabeek, eta dantza zale asko dantza irrikaz dabilela. Horrekin batera, desagertu dira erromeriak, bestak, eskeak eta soka-dantzak, harremanak egiteko eta komunitatea osatzeko elementuak. Horiei heldu beharra nabarmendu dute dantzariek.

Euskal dantza tradizionalarena da zalantza gehien dituen sektoreetako bat, normalki ez baita profesionalizatutako alorra. Dantzariak eta taldeak galdu litezkeela ohartarazi dute euskal dantzariek. Bestalde, bikotekako dantza eskoletan kontent dira irekitzeko aukera izan dutelako. Hala ere, norberak bere espazioa eta bere bikotea du, ezin da leku edo bikote aldaketarik egin. Profesionalki ari direnak malguago dira maskarekin eta distantziekin, baina, dantza aretotik kanpo zuhur jokatzera behartzen ditu horrek.

Bestelako gaiak

Zinema orrian Ane filmari buruzko artikulua izanen da. Kritikarien eta zinema munduan lan egiten duen jendearen artean harrera ona izan du, eta heldu den astean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Irizar saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian.

Telesailei dagokionez, The Haunting telesailaren itzulera izanen da hizpide. Telesailaren jarraipen eskariak asetzeko, gidariek antologiaren alde egin dute: amaiera propioa duen istorio bat denboraldi bakoitzeko. Hill House etxea atzean utzita, Bly Manor da sorginkeriaren egoitza berria. Hala, The Haunting of Hill House izenarekin itzuliko da telesaila.

Gastronomiaren tartean Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldariari egindako elkarrizketa izanen da irakurgai. Gaitzak sukaldaritzan eta bizitzan utzitako ondorioez ariko da: urte sabatiko bat, amaren heriotza, eta gogoetak.

Azkenik, Jean de Jaurgain zuberotar historialari, kazetari, idazle eta genealogian eta armarrietan adituari so eginen dio Bizigirok, haren omenaldiari buruzko erreportajea kaleratuko baitu bihar. Urri osoan ikusgai ezarri dituzte bere obrak Mauleko Ondarearen etxean, eta hitzaldiak eskainiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.