Lakers 106-93 Heat

Lakersek hamazazpigarren aldiz irabazi du NBA

Los Angelesko taldea nagusi izan da hasieratik, eta Heatek ez du hari eusterik izan. Seigarren partidan erabaki da finala.

Lakersek jokalariak, garaipena ospatzen. ERIK S. LESSER / EFE
2020ko urriaren 12a
10:57
Entzun

Los Angeles Lakers taldeak 106-93 irabazi dio Miami Heati bart, NBAko finalen seigarren partidan. Finaletako lau partida irabazi ditu Lakersek, eta bi Heatek. Hamazazpigarrenez irabazi dute liga, lehenengoz 2010az geroztik, eta Boston Celticsen marka berdindu dute.

LeBron Jamesek 28 puntu sartu ditu, hamalau errebote hartu, eta hamar asistentzia egin. Hark laugarren aldiz irabazi du NBA, hirugarren taldearekin. Bi irabazi zituen Heatekin, eta behin Cleveland Cavaliersekin. Hamar aldiz jokatu ditu finalak.

Lakersek oso ondo hasi du partida, eta 28-20 amaitu dute lehen laurdena. Finaletako aurreko bi partidetan baino indartsuago aritu dira. Bam Adebayo Heateko pibotak aurre egin dio Lakersi, eta datu txukunak lortu ditu: 25 puntu, hamar errebote, bost asistentzia eta bi tapoi.

Partida erabakita geratu da lehenengo zatian, eta Heatek ez du erantzun bigarrenean. Amaieran, Lakersek titularrak kendu ditu zelaitik, eta defendatzeari utzi dio. Horrek arindu du markagailuan bi taldeen artean izan den aldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.