Lan gatazkak

Rezolak aldi baterako erregulazioa kendu du

LABek akordioa lortu du porlan enpresako zuzendaritzarekin, epaiketa baten aurretik.

Cementos Rezolako LABeko kideak, akordioa ospatzen. LAB
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 12a
12:15
Entzun

Cementos Rezolako zuzendaritzak eta LABek hitzarmena egin dute enpresak apirilean ezarri zuen aldi baterako erregulazioa kentzeko. Horrenbestez, langile guztiak itzuliko dira beharrera: 106 dira Añorgan (Donostia), 94 Arrigorriagan (Bizkaia), eta 130 Malagan (Andaluzia, Espainia). Gainera, Cementos Rezolaren jabeak, Heidelberg Cement Group izenekoak, jakinarazi du gauza bera egingo duela bere kontrolpeko zortzi fabriketan.

LABek azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak gaia aztertu behar zuen egun berean lortu du akordioa porlan enpresako zuzendaritzarekin, eta sindikatuak kendu egin du salaketa. 

LABen arabera, aldi baterako erregulazioak ez zuen «inolako oinarririk», eta koronabirusaren ondorioz jarritako erraztasunagatik aurkeztu zuen enpresak. Horrela, sindikatuak salatu du Rezolak beste behargin batzuk azpikontratatu dituela etxera joandako langileen lana egiteko .

Etxean geratu diren egunetan galdutako soldataren zati bat konpentsatuko die enpresak. 

Pozik agertu da LAB: «Aldi baterako erregulazioaren kontrako borrokak eta zuzendaritzaren gehiegikeriaren kontra LABek egindako lan juridikoak ekarri dute albiste pozgarri hau. Akordioa garaipen handia da Cementos Rezolaren langile guztien eskubidearen defentsan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.