Txertoa

«Azalpenik gabeko gaixotasun batek» txerto baten probak geldiarazi ditu

Johnson & Johnson AEBetako farmazia industriak sortu duen txerto baten probak eten ditu oraingoz, parte hartzaile bati gaixotasun arraro bat atzeman diotelako. Gaixotasuna aztertzen ari dira.

Johnson & Johnson konpainaren logoa, New Yorkeko (AEB) burtsan.
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 13a
09:46
Entzun

Johnson & Johnsonek eten egin ditu COVID-19aren aurka sortzen ari zen txertoaren probak. Txertoa hirugarren fasean zegoen jada, probatzekoan, baina parte hartzaile bati «azalpenik gabeko gaixotasun bat» atzeman diote, eta ikerketa bertan behera utzi behar izan dute oraingoz.

Ameriketako Estatu Batuetako konpaini horrek argitu nahi izan du ikertzen ari direla gaixotasun hori, bai euren medikuak, baita erakunde independenteak ere. Zehaztasun asko, ordea, ez du eman, «gaixotu den boluntarioaren pribatutasuna errespetatu» behar delako: «Gaixotasun berri horren inguruan ikasten ari gara oraindik, eta garrantzitsua da datu guztiak esku artean izatea informazio gehiago zabaldu baino lehen».

Enpresak lasaitasun mezu bat igorri nahi izan du, eta azpimarratu du ez direla gauza bera ikerketaren eten bat eta proba kliniko bat legez atxikitzea: «Ikerketaren etena protokoloaren parte da, ohiko prozedura bat». Proba kliniko bat legez atxikitzeko eskumena, berriz, AEBetako gobernuak du.

60.000 boluntario

AEBetako Osasun Institutu Nazionalak irailaren 23an jakinarazi zuen boluntario bila zebiltzala hirugarren fasean zegoen COVID-19aren aurkako txerto baten laugarren proba egiteko. Helburua zen 215 lekutako 60.000 pertsona biltzea, AEBetakoak zein nazioartekoak: Brasilgoak, Perukoak, Mexikokoak eta Hegoafrikakoak, besteak beste.

Johnson's xaboi ospetsuen egileak asmoa erakutsi du txertoa 2021. urtearen hasieran kaleratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.