EUSKARA

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12rako eta 13rako, Euskararen herria euskal hiztun lelopean. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan lankidetzak duen garrantzia azpimarratu dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan antolatu dituzte jardunaldiak. KONTSEILUA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 13a
12:27
Entzun

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta etorkizuneko gakoen inguruan hausnartzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12an eta 13an, Bilboko Bizkaia aretoan, Euskararen herria euskal hiztun izenpean. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta hizkuntzaren normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu dute, transmisioaren eta hezkuntzaren eremuak oinarri hartuta, besteak beste.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea agerraldian izan da, eta adierazi du euskal gizartea «hizkuntzaren biziberritze prozesu etengabe batean» murgilduta dagoela. «Gizarte mugimenduek eta azken hiru hamarkadetako datuek erakusten dute euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta emaitza baikor eta esanguratsuak lortzen ari garela». Hitz horiek oinarri hartuta, Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak jardunaldien garrantzia azpimarratu du, baina aitortu du egungo testuinguruak «albo kalteak» ere sortu dituela, eta «epe laburrera» eragina izango duela euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan.

Gai horren inguruan hausnartzeko, adituen, instituzioen eta eragileen ahotsa entzun nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, 11 saio izango dituen egitarau bat antolatu dute. «Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan eta eragileetan lanean diharduten zenbait eragileren gogoetak entzuteko eta partekatzeko aukera izango dugu, mahai inguru, elkarrizketa eta hitzaldi formatuetan», adierazi du Bilbaok. Saioetan parte hartuko du, besteak beste, Xavier Vila soziolinguistika adituak. Hitzaldi bat emango du, Ezagutzaren unibertsalizazioaren hari-muturrak ikuspegi soziolinguistikotik izenpean. Hala ere, egitarau osoa eskuratu nahi duenak Kontseiluaren webgunera jo dezake. Gainera, jardunaldiak doakoak izango dira, eta izen ematea irekita dago jadanik. Segurtasun eta osasun protokolo bat ere garatu dute.

Lankidetzaren beharra

Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan antolatutako jardunaldiak izango dira, eta antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie. «Bakoitzak bere bidea jorratu du ezagutzaren unibertsalizazioaren esparruan, baina badaude biok ditugun kezkak ere; biok ikusi dugu gisa honetako foro bat antolatzeko beharra eta interesa», azaldu du Bilbaok. Dobaranen arabera, berriz, halako gaietan «inportantea» da erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko lankidetza egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.