Kaleratzeak

Grebara deitu dituzte ITPko langileak

Langileen batzordeak salatu du «proposamen onargarri» bat aurkeztu diola zuzendaritzari, baina hark ez diola erantzun.

Langileen talde bat, enpresaren egoitzaren aurrean. ELA
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 13a
13:23
Entzun

Zamudioko (Bizkaia) ITPko langileak grebara deituta daude, bihar hasi eta ostiralera arte, eta ez dute baztertzen astebeteko beste lanuzte bat egitea ere. Hala jakinarazi du langileen batzordeak (ELA), zuzendaritzarekin izandako bileretan egiaztatu ondoren kaleratzeekin aurrera jarraitu baino ez duela nahi.

Duela ia hilabete hasi ziren elkarrizketak. Ordutik, langileek sei greba egun eta hainbat mobilizazio egin dituzte. Enpresak 194 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du, antolaketa eta produkzio arloko arazoak argudiatuta. Langile batzordearen arabera, baina, ITPk ez ditu «behar bezala» egiaztatu arrazoi horiek: «Ez du hori justifikatzen duen frogarik aurkeztu, eta bere planteamenduaren oinarri diren etorkizuneko aurreikuspenak oso epe luzekoak dira».

ELAk azaldu duenez, aurreko astean, lan karga txikiko egoerari aurre egiteko proposamen bat aurkeztu zion zuzendaritzari. Sindikatuaren arabera, horrekin enplegu guztiak mantendu ahalko lirateke —kontratu mugagabeak eta aldi baterakoak—, eta enpresak irailaren erdialdera arte aplikatu dituen erretiro aurreratuen planarekin jarraitzea ahalbidetuko luke, eta aldi baterako lan erregulazioetan eta hitzarmen kolektiboan jasotan dauden lanaldiak malgutzeko aukera baliatu ahalko luke zuzendaritzak. «ELAk badaki bere proposamena guztiz onargarria dela enpresarentzat, eta, aldi berean, enpleguari eusten diola eta enpresaren jarduerari baldintza hobeetan jarraitzeko aukera ematen diola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.