Asuncion klinikako agerraldia «kontrolatutzat» eman dute

Klinikak BERRIari jakinarazi dionez, ez dute positiborik atzeman atzotik, eta espero dute ostegunean ohiko jarduerara itzultzea. Langileek eta herritarrek Tolosaldeko osasun arreta publikoa izatea eskatu dute, eta larunbatean manifestazioa egingo dute, 12:30ean hasita.

Langileen eta herritarrn agerraldia, gaur goizean, Tolosan. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 13a
14:11
Entzun

Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan izandako COVID-19aren agerraldia «kontrolatutzat» eman dute, klinikak BERRIAri jakinarazi dionez, ez baitute beste positiborik atzeman atzotik. Horrenbestez, egoerak horrela jarraitzen badu, ohiko jarduerara itzuliko dira ostegunean; hau da, jarduera kirurgikoari ekingo diote, eta ospitaleratzea behar dutenak Asuncionen bertan artatuko dituzte, Bidasoko ospitalera bideratu beharrean —horrela egin dute aurreko astetik—. Oraingoz, 41 pertsona kutsatu dira Asuncion klinikako agerraldian: 35 langileak dira, eta gainerako seiak, pazienteak.

Segurtasuna bermatze aldera, gaur klinika osoa desinfektatu dute, eta egunotan hartutako hainbat neurri mantenduko dituzte, besteak beste, gaixo bakarra egongo da gela bakoitzean.

Datuok ezagutu aurretik, klinikako hainbat langilek eta herritarrek agerraldia egin dute Tolosan. «Ez da kasualitatea. Asuncion Klinikan COVID-19a jasaten ditugun lan baldintza txarren ondorioz zabaldu da. Hori gertatzen da, argi eta garbi, klinika honen jabeen helburua osasun arreta baino gehiago irabazi ekonomikoak direlako». Argi hitz egin du Ainhoa Ortizek Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikako langileen izenean. Egoera salatzeko, larunbatean manifestazioa egingo dute, 12.30ean hasita. Gainera, bihar babes argazkia aterako dute, 18:00etan, Tolosako Zerkausian.

Asuncion klinika pribatua da, baina, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez, zerbitzu publikoa eskaintzen du eskualdean. Langileak ez daude eredu horrekin ados, ordea: «Ez da kasualitatea konfinamendu hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana; beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu batek eskaintzen du arreta, eta horrek zuzeneko eragina izan du». Beraz, osasun arreta publikoa eskatu dute: «Irtenbidea osasun arreta publikoa da, %100 publikoa, beste eskualdeetan bezala».

Eskainitako zerbitzua duina izan dadin, langileek lan baldintza duinak eskatu dituzte, eta orain arte bizi izan duten egoera salatu dute: «Ez dugu maskara egokirik izan orain arte, ezta babes neurririk ere». Haien iritziz, horrek ekarri du klinika ixtea eta langileak kutsatzea. «Interes ekonomikoak osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da egoera hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.