Nazioarteko Diru Funtsa

Luze joko du suspertzeak

Pandemiak ekonomian aurretik uste zen baino erorialdi txikiagoa eragin duela uste du NDFk, eta errebotea uste baino bizkorrago etorri dela. Baina, hala ere, luze joko du gaitzaren aurreko hazkunde mailetara itzultzeak.

Kristalina Georgieva, Nazioarteko Diru Funtseko presidentea, artxiboko irudian. ERIK S. LESSER EFE
Irune Lasa.
2020ko urriaren 13a
14:31
Entzun

COVID-19ak ekonomia globalean eragindako amiltzea uste baino txikiagoa izan da, eta barne produktu gordinaren suspertzea, aldiz, uste baino azkarrago iritsi da. Baina 2021ean ekonomiak errebotea izango duela uste arren, urrunago begira hodei ilunak ikusten ditu Nazioarteko Diru Funtsak.

Hainbat sektoretan eta herrialdeetan orbain sakonak utziko ditu pandemiak. Gaitza iritsi aurretik bosturteko honetarako aurreikusita zeuden hazkundeen oso behetik izango da munduko ekonomia 2025. urtean. «Ekonomia globala bueltan dator, baina igoerak luze joko du, desberdintasun sozialekin, eta ziurgabetasunekin».

Kontsolamendurako balio dezake, agian, NDFren ustez gauzak okerragoak izan zitezkeela. «Suspertzea askoz ahulagoa izan zitekeen ez balira inoiz ez bezalako neurri fiskal, monetario eta erregulatzaile garrantzitsu eta bizkorrak hartu familien diru sarrerak mantentzeko, enpresen likideziari eusteko, eta kreditu hornidura sustatzeko. Ekintza horiekin guztiekin batera, eragotzi egin da 2008-2009ko finantza hondamendia berriz gertatzea». Beharrezkoa da, hori bai, politika horiekin jarraitzea, ez kentzea bizkorregi, hori baita, erakundearen aburuz, atzerakada gehiago prebenitzeko modua.

Errebotea eta hazkunde pattala

Pandemiaren goraldi berriak gorabehera, Funtsak aurreikusi du munduko barne produktu gordina uste zuen baino gutxiago amilduko dela 2020an, -%4,4; baina 2021eko suspertzea ere uste baino motelagoa izango da, %5,2ko hazkundearekin.

Eurogunean ekonomia aurten %8,3 eroriko dela dio NDFk (ekainean -%10,2 zioen), eta 2021ean BPG %5,2 haziko dela (ekainean iragarri baino zortzi hamarren gutxiago). Europako herrialdeen zerrendan deigarriak dira bi digitutik gorako eroriko batzuk: Portugalena (-%10), Italiarena (-%10,6) eta Espainiarena (-%12,8) .

Italiako barne produktu gordinaren errebotea %5,2koa izango da 2021ean, eta Espainiakoa, %7,2koa. Hori bai, Funtsak %16,8ko langabezia tasa iragarri dio Espainiari 2020rako eta 2021erako ere. Frantziako ekonomiak ere erorialdi handia izango du aurten (-%9,8), eta %6 haziko da datorren urtean, baina langabeziak ere gora egingo du, %10,2ra.

Epe ertainera, hazkunde globala %3,5ekoa izango da; mugatua oso, pandemia aurretik iragarritako hazkunde erritmoa harrapatzeko. «Atzerakada larria da bizitza estandarretan herrialde guztientzat iragarritako hobekuntza. Pobrezia globala murrizteko 90eko urteetatik egindako aurrerapausoak lehengoratu ditzake, eta gizarte desberdintasunak handitu». NDFren aburuz, 90 milioi pertsona inguru eroriko dira aurten muturreko pobrezian, eguneko diru sarrerak 1,90 dolarren azpikoak izatera.

Arriskuak, hor

Iragarpenak egitean, ez da harritzekoa egileak ziurgabetasunak aipatzea, baina oraingoan, NDFren ustez, arrisku posibleak eta haien eraginak bereziki zailak dira neurtzen. Batetik, pandemiaren ibilbidea bera dago, eta hari nola erantzun beharko zaion osasungintzaren eta jarduera ekonomikoaren esparruetan. Bestetik, aintzat hartu beharko da, era berean, eskaera apalak, turismo ahulagoak eta ordainketa txikiagoek dakarten segurtasun gabezia. Finantza merkatuen «sentimendua» ere arriskutsua izan daiteke.

Zorra bai, baina...

Txertoetan eta tratamenduen hobetzean ez ezik, aurrerabidea kontraneurri fiskaletan ere ikusten du Funtsak, eta 2021ean ere horiei eutsi behar zaiela dio. «Horrek altxa dezake hazkundea aurreikusitako mailatik».

Politika fiskalen barruan, zorpetzea edo zorpetzea areagotzea aukera egokitzat ikusten du NDFk, hainbat herrialde ikusten dituelako herritarrak laguntzeko eta jarduera ekonomikoari eusteko zailtasunetan, «zor publiko handia dutelako, eta krisiak handitu egin dizkielako gastuak, aldi berean zerga bilketei kalte eginda». Diru politikak ere badu zereginik horretan: «Inflazio aurreikuspenak helduta dauden tokietan diru politika malguak lagundu dezake trantsizioan maileguen kostuei eusten».

Hori bai, krisi ostean eta epe ertainera gradualki kontsolidaziora itzultzeko konpromisoa eskatu die Funtsak herrialdeei.

Zergak igotzea

Eta kontsolidazio horretarako arlo publikoaren diru sarrerak ere egokitu behar direla uste du NDFk. Alegia, zerga batzuk igo behar direla. «Nahiz eta krisietan zaila izan sarrerak igotzeko neurriak hartzea, gobernuek aintzat hartu behar dute zerga progresiboak igotzea norbanako aberatsenen eta krisiak gutxien kalte egindakoen gainean (sarrera handienen zerga tarteetan, goi mailako ondareetan, kapital irabazietan eta aberastasunean), baita aldaketak egitea ere sozietateen gaineko zergetan, ziurtatzeko enpresek beren errentagarritasunari dagozkien zergak ordaintzen dituztela».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.