Italiako Giroa

Sagan, aspaldiko partez

Hamargarren etapa irabazi du eslovakiarrak. Eguneko ihesaldian sartu da, eta bakarrik helmugaratu da, erakustaldia emanez. 417 egun zeramatzan garaipenik gabe. Faboritoen artean, mugimenduak egon dira, eta Pello Bilbaoren saiakera izan da indartsuena.

jarraia188266.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 13a
17:59
Entzun

Nork esan behar zuen Peter SaganekĀ  (Bora) 417 egun egingo zituela besoak altxatu gabe. Urtebete pasatxo, nork eta gaurkoarekin 117 garaipen dituen eslovakiarrak. Tokitan dago iazko Frantziako Tourrean irabazi zuen etapa hura. Lehortea Adriatiko itsasoaren ondo-ondoan busti du, Italiako Giroko hamargarren etapan. Hura izan da azkarrena Lanciano eta Tortoreto lotu dituen etapan, 177 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan.

Nork esan behar zuen Sagan esprinterrak abiadurarik gabeko amaiera batean irabaziko zuenik etapa bat. Bada, lortu du hori ere. Azkenaldian, ez da azkarrena esprintetan. Pelotoian badira biziagoak orain, eta talde txikietan egindako saialdietan ere aurrea hartu izan diote. Horrelako ihesaldi batean sartu du gaur bere burua. Etapa ehiztari zebilen, eta beharko sartu halakoetan. Garaipenak akaberan lortzen dira askotan, baina aurretik lana beltz egin beharra izaten da sarri askotan. Horixe egin dute Saganek eta gainerako iheskideek: Jonathan Restrepo (Androni), Simon Clarke (EF Pro), Dario Cataldo (Movistar), Davide Villella (Movistar), Filippo Ganna (Ineos), eta Ben Swift (Ineos). Izan ere, pelotoi buruan tiraka ibili da FDJ taldea, indartsu gainera. Sokari tira behar horretan, iheslariak izan dira garaile gaur.

Lortu dute alde ona: lau minututik gora 63 kilometro falta zirenean. Baina atzetik beste talde batek hartu du gidaritza: Domenico Pozzovivoren NTTk. 30 kilometro geratzen zirenean, minutua pasatxora jaitsita zeukan aldea pelotoiak. Orduan pentsatu du Saganek martxa horretan gaur ere jai izango zuela, eta erasora jo du 19 kilometro faltan. Swiftek bakarrik heldu dio eslovakiarraren joari.

Atzean, orduan hasi dira mugimenduak, eta mugitzen indartsuena Pello Bilbao (Bahrain) izan da. Aldapa behera jo du erasoa, euripean, eta berehala hartu ditu 20 bat segundo Joao Almeida (DQT) liderrarekiko eta gainontzeko faboritoekiko. Ordurako Pozzovivo atzean geratua zen zulatu batekin, baita berriz ere taldean sartua, indar erakustaldia eginez. Ibilbide malkartsuan, gora eta behera, dotore moldatu da Bilbao. Harrapatu ditu Sagnan eta Swift ez beste guztiak, eta aurreneko bien bila abiatu da. Zortzi segundora ere gerturatu zaie, baina ezin bat egin. Azkeneko maldan, %18ko tarteekin, Saganek ospa egin dio Swifti; atzetik zetorren Bilbao. Atzetik, Almeida berak jo du erasoa, maglia arrosa defendatuz. Pozzovivok ere bai. Erasoek bizitu egin dute abiadura, eta jan Bilbaoren aldea.

Bitartean, Sagan aurretik zihoan, eta atzetik, tropeltxoan, Jacob Fulgsangek (Astana) zulatua izan du. Taldekide baten zain egon da, bizikleta aldatzeko, eta atzean geratu da. Ez diote barkatu gainontzeko txirrindulari indartsuek. Hori ere Bilbaoren kalterako. Azkenean, 4,4 kilometro falta zirela harrapatu dute Bilbao. Ordurako Sagan dastatzen ari zen etapa garaipena. Gozatu egin du azkeneko zuzengune handian. 19 segundora sartu da Brandon McNulty (UAD), eta hirugarren Almeida liderrak egin du, 23ra; horrenbestez, gainsariak lortu ditu portugaldar gazteak. Bilbao hamargarren sartu da. Fulgsangek 1.38 galdu ditu. Sailkapen nagusian, Almeidak 34 segundo ateratzen dizkio Wilco Keldermani (Sunweb), eta 43 Bilbaori. Astanako daniarra 11garrena da orain, 2.20ra.

BIhar 11. etapari egin beharko diote aurre: Porto Sant'Elpidio - Rimini, 182 kilometro. Egokia da esprinterrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.