AEBetako bozak

Bidenek 17 puntu ateratzen dizkio Trumpi, galdeketa baten arabera

Floridako adinekoen botoak eskuratzeko borrokan murgildu dira bi hautagaiak.

Jarraitzaile bat, Joe Bidenen ea Kamala Harrisen hautagaitzaren elastiko bati begira. DIEGO AZUBEL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 14a
10:46
Entzun

Opinium etxeak eta Erresuma Batuko The Guardian egunkariek eginiko azken galdeketaren arabera, Joe Biden hautagai demokratak inoiz baino tarte handiagoa ateratzen dio Donald Trump egungo AEBetako presidenteari, hiru aste barru izango diren hauteskundeei begira.

Galdeketak ondorioztatu duenez, boto emaileen %57k Bideni bozkatzeko asmoa dute, eta bakarrik %40k esaten dute Trumpen alde egingo duela. AEBetako CNN telebistak beste galdeketa bat egin zuen hilaren hasieran, eta horretan bi hautagaien arteko tartea 16 puntukoa zen, Bidenen alde. Beraz, Opiniumen galdeketak orain arteko abantailarik handiena ematen dio hautagai demokratari.

Irailetik hona, bost puntu irabazi ditu Bidenek, itaunketaren arabera. Horrez gain, badirudi demokratak lortu duela bere aldekoak boto emateko mobilizatzea: orduan, %75k zuen asmoa bozkatzeko, eta hil honetan, %82k. Trumpen gai gogokoenetan ere nagusi da Biden, inkestatzaileen arabera: ekonomiaren inguruan, %45 Bidenen aldekoa da, eta %43 Trumpen aldekoa.

2016ko hauteskundeekin konparatuta, orduko hautagai demokrata Hillary Clinton ere gaizki ikusten zuten boto emaile gehienek. Haatik, Bidenen onarpen tasa %18 inguru da, positiboan (Trumpena, %11, baina negatiboan). Bozkatzeko eskubidea dutenen artean, %52k begi onez ikusten du Bidenen kanpaina. Demokrata Trump baino zaharragoa da (77 urte Bidenek, 74 urte Trumpek), baina galdetutako gehienek (%48) uste dute egungo presidentea baino sasoitsuago dagoela buruz.

Floridako bataila

Galdeketak galdeketa, baliteke AEBetan oro har nagusi den hautagaiak presidentetza galtzea, herrialdeko kongresukide banaketak eraginda. Hala gertatu zitzaion Hillary Clintoni 2016. urtean: boto gehiago jaso zituen, baina gako diren estatuetan galdu zuen. Esaterako, Kaliforniak 39,5 milioi biztanle ditu, eta 55 kongresukide hautatzen ditu. Floridak, berriz, biztanleen erdiak ditu, baina 29 ordezkari. Horregatik, azken asteotan, batez ere gako diren estatu horietan arituko dira hautagaiak. Adineko estatubatuar askok Florida aukeratzen dute erretiroa bizitzeko leku gisa, eguraldi gozoarengatik. Aste hasieran, Floridan eman zuen Trumpek COVID-19 gainditu osteko lehen mitina. Sasoitsu dagoen eta birusari irabazi dion gizon sendo gisa agertu nahi izan zuen horien aurrean; esan zien «Superman» sentitzen zela koronabirusaren tratamenduaren ostean. Besteak beste, esteroideak (dexamethasona) eman zizkioten medikuek.

Bidenek ere adinekoak hartu ditu gogoan atzo Floridan eginiko ekitaldian. Trump presidenteak adinekoak «zakarretara botatzeko modukotzat, ahazteko modukotzat» dituela esan zien Bidenek. «Trumpi axola zaion adineko bakarra, antza, bera da». Haren ekitaldietan errepublikanoak maskararik gabe eta elkar besarkatzen ibili direla salatu du Bidenek, aitona-amonek bilobak ikusteko aukerarik ez duten bitartean.

Baina Trumpek Bideni barre eginez erantzun du. Twitterren irudi bat argitaratu du: horretan, fotomuntaketa batean agertzen da Biden, gurpil aulki batean, Biden presidenterako mezua Biden erresidentziarako bihurtuta. Adineko jendeari barre egitea egotzi diote Trumpi. Galdeketen arabera, Biden 3,7 puntu ateratzen dizkio Trumpi Floridan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.