Azpiegiturak

Esako urtegiko lanak geldiarazi dituztela ukatu du Teresa Riberak

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ingeniari eta adituekin ziurtatuko duela segurtasuna «edozein urrats egin aurretik»

Esako urtegiaren irudi panoramikoa. JESUS DIGES / EFE
2020ko urriaren 14a
11:20
Entzun

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak gaur Kongresuan esandako hitzek nahasmena eragin dute. Kontrol saioan, adierazi du Esako urtegia handitzeko lanetan ez dutela urrats bat aurrera egingo harik eta bideko ingeniariekin azpiegitura handitzea «erabat segurua» dela ziurtatu arte:

Adierazpenon aurrean, Esa-ez plataformak ondorioztatu du obrak gelditu egingo dituela Espainiako Gobernuak eta hala nabarmendu dute sare sozialetan. Haatik, Teresa Riberak berak erantzun egin dio interpretazio horri: «Ez da egia. Aldiz, bai da egia gure konpromisoa segurtasunarekin, zaintza iraunkorrarekin eta txosten teknikoei ematen diegun arretarekin, tartean Bideko Ingeniarien Elkargoaren ikuskaritzarena».

Kontrol saioan, Riberak aipatu du 2018ko uztailean hartu zuten lehen erabakietako bat izan zela lanen segurtasunari buruzko txosten bat eskatzea Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoari, «Ez dugu urrats gehiago eginen haiekin kontrastatu arte erabat segurua dela bide berean segitzea», esan du hitzez hitz.

Espainiako Kongresuan egin ditu adierazpenok, gaurko kontrol saioan. EH Bilduk eta EAJk galdera sorta bana erregistratu zuten gaiari buruz, Uraren Kultura Berria erakundeak argitaratutako azken txostenak lanen segurtasuna auzitan jarri ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.