Larrialdi klimatikoa

Petxarromanek 'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' liburua aurkeztu du

Larrialdi klimatikoari buruzko kazetaritza liburua idatzi du BERRIAko kazetariak, eta hainbat gai landu ditu: historia, ingurumenaren egungo egoera, Euskal Herriko politikak, COVID-19ak izandako eragina... BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek bultzatutako Aleka bildumako hamargarren lana da. BERRIA dendan eskura daiteke liburua.

Iñaki Petxarroman eta Xabier Eizagirre, gaur, BERRIAren Andoaingo egoitzan (Gipuzkoa). BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 14a
11:31
Entzun

«Munduko arazo globalena da, denoi eragiten diguna, gizakiok eta azken hamarkadetako sistema ekonomikoak eragindakoa». Xabier Eizagirre Jakin argitaletxeko editoreak horregatik uste du ezinbestekoa dela ingurumenaren gaia Aleka kazetaritza kroniken bilduman egotea, eta hala azaldu du gaur sortako hamargarren zenbakiaren aurkezpenean: Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariaren Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian.

Sei atal ditu lanak, eta Petxarromanek hurrenez hurren azaldu ditu aurkezpenean. Lehen atalean aferaren historia landu du, arreta, nagusiki, dena ukatzeko izan diren saiakeretan jarrita; bigarrenak, berriz, antropozenoaren gaia du hizpide, eta aztertzen du gizakiaren jardunak nola eragin duen bizi dugun garai geologikoan. Hirugarren atalean egungo egoera aztertu du Petxarromanek: tenperaturen igoera, deforestazioa, CO2 isurketen gorakada, natur hondamendien hazkundea...

«Eta, Euskal Herrian? Zer egiten ari gara ondo, zer gaizki?». Hori da laugarren atalaren gaia, eta ondorioa argi du kazetariak: «Europako bagoiaren atzealdean gaude». Horregatik, etorkizuneko erronkak landu ditu bosgarren atalean, eta seigarrenean, azkenekoan, COVID-19ak eragindako egoera bereziak larrialdi klimatikoan izandako eraginei buruz idatzi du.

Idazleak espero du liburuak gogoetarako balioko duela, eta argi du aldaketak ahalik eta azkarren egin behar direla «mundu hobe batean bizi ahal izateko».

Urteetako lanaren emaitza

Petxarromanek urteak daramatza kazetaritzan, lehenik Euskaldunon Egunkarian, eta, ondoren, BERRIAn; hango zuzendariorde ere izan da zortzi urtez. Bere ibilbideko azken urteetan ingurumenaren auzian espezializatu da nagusiki, eta lan horretan landutako edukien emaitza da gaur aurkeztu duen liburua.

Datorren ostegunean Martin Ugalde Foroan izango da Petxarroman, Andoainen (Gipuzkoa), parte hartu duten hainbat aditurekin batera. Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburua BERRIA dendan eskura daiteke.

«Klima aldaketa ez ezik, bioaniztasunaren galera ere eten egin behar da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.