Osakidetza

Osakidetzan hiru egunetarako greba deialdia egin dute sindikatuek

Araban, greba urriaren 29an izango da, osasun etxe guztietan eta langile guztientzat; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, berriz, azaroaren 12an.

Osakidetzako langileek urriaren 3an egindako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 14a
12:14
Entzun

Osakidetzako sindikatu guztiek –ELAk, SATSEk, SMEk, LABek, CCOOk, UGT-k, ESK-k, FAEk eta UTEFEk– greba deialdia egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro guztietan, osasun publikoak pairatzen dituen «sakoneko eta egiturazko arazoetarako» konponbidea eskatzeko. Araban, greba deialdia urriaren 29an izango da; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, azaroaren 12an.

Sindikatu guztien izenean, ELAko Esther Saavedrak eta eta SATSEko Amaia Mayorrek azaldu dute Osakidetzak «gabezia larriak» dituela, eta sindikatuek urteak eman dituztela horiek salatzen eta neurriak eskatzen: «Pandemiak larriagotu ditu Osakidetzaren sakoneko eta egiturazko arazoak, baina arazo horiek ez dira birusarekin agertu, eta ez dira birusarekin batera joango», esan dute.

Arazo horien artean, lan gainkarga —bereziki nabarmena lehen arretako zerbitzuan, baina ospitaleetan eta osasun mentaleko zentroetan ere agerikoa dena—, langileen «akidura», behin-behinekoen tasa handia, pribatizazioak eta beste zenbait aipatu dituzte. «Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko garaia, ekitekoa baizik», erantsi dute.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriaren jarrerari dagokionez, sindikatuek esan dute haren asmoa izan dela sindikatuekin banakako bilerak egitea, «elkar ezagutzen hasteko». «Guk erantzun diogu egoera larria dela, premiazkoa dela irtenbideak mahai gainean jartzea, eta horretarako hobe zela sindikatu guztiekin batera biltzea», esan dute, «baina, hala ere, onartu dugu haren proposamena». Sindikatuen arabera, bilera horietan sailak ez du neurririk azaldu: «Egoera bitxia da; sailburua berria da, baina Osakidetzako zuzendaritzako gainerakoak ez, eta ondo dakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, aspaldikoak direlako».

Sindikatuek esan dute orain arte «arduraz» jokatu dutela, eta hala egingo dutela aurrerantzean ere: «Alarma egoera amaitu arte itxaron genuen mobilizazioei ekin aurretik, eta orain ere itxaron dugu bigarren olatuko datuak apaldu arte. Egoera larriagotuko balitz, prest geundeke greba deialdiak atzeratzeko. Baina administrazioak ere arduraz jokatu behar du, eta soluzioak proposatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.