Zarrakaztelu eta Cadreita konfinatu egingo dituzte

Astebetean 65 lagun hil dira COVID-19arengatik. Guztira, 786 kasu atzeman dituzte Hegoaldean.

Gaixo bat COVID-19arekin, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 14a
12:54
Entzun

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, Zarrakaztelu eta Cadreita itxiko dituzte ostegunetik ostiralerako gauerdian, eta konfinamenduak astebete iraungo du, luzatzeko aukerarekin. Oraingoz, ez dute zehaztu zein arrazoirengatik sartu eta atera ahal izango den herri horietatik. Herri horietan positibo ugari atzeman dituztelako hartu dute erabakia; hain zuzen, Zarrakaztelun, 100.000 biztanleko 4.289 kasu dituzte, eta Cadreitan, 4.328. Iruñeari dagokionez, 100.000 biztanleko 779 kasu daude. «Oso gertutik kontrolatzen ari gara Iruñeko egoera, adierazleak eta intzidentzia».

Hegoaldeko datuak hartuta, berriz, jaitsiera bat ikus daiteke azken egunetan. Beste 786 kasu atzeman dituzte: Nafarroan, 376; Gipuzkoan, 186; Bizkaian, 179; eta Araban, 39. Gaur emandako datuak joan den asteazkenetik —681 izan ziren orduan— jakinarazitako txikienak da. Positibo tasa ere bide beretik jotzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan — %7,8koa zen atzo emandako emaitzetan, eta %5,5ekoa gaurkoetan—: Nafarroan, ordea, %11,8tik %12,5era igo da. Horrenbestez, Indurainen hitzetan, Nafarroako datuak «handiak, txarrak eta arduratzeko modukoak» dira: «Ez dugu ezkutatzen».

Joan den astean COVID-19arengatik hil ziren pertsonen kopurua ere jakinarazi dute: beste 61 lagun hil dira gaitzaren eraginez. Osakidetzak ez du oraingoz horiei buruzko beste daturik eman, eta bihar aztertuko dituzte, prentsaurreko batean. Nafarroako Gobernuak erantsi du atzo beste bi hildako izan zirela.

Pandemiaren eraginaren berri izateko, gakoak dira ospitaleratzeak, baita gaixo horien egoera ere. Ospitaleratzeek goia jo dute Hegoaldean, eta atzo beste 53 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Hegoaldean; orotara, 545 gaixo daude ospitaleratuta. Horien osasunari dagokionez, 81 daude ZIUetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.