Indarkeria matxista

Enrichek eta Lunak bideoa grabatu zutela onartu dute

Silvestreri egotzi diote bideoa zabaltzea bi futbolariek. Lunak eta Enrichek damua azaldu dutenez, eta kalte-ordaina emango diotenez biktimari, akusazioak eta fiskalak bi urtera jaitsi dute zigor eskaria. Silvestrerentzat bi urte eta egun bateko zigorra eskatu du fiskalak, eta hiru urtekoa akusazioak.

Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 14a
15:31
Entzun

Gaur hasi da, Donostian, Sergi Enrich Eibarko jokalariaren eta Antonio Luna jokalari ohiaren aurkako epaiketa. 2016an emakume batekin sexu harremanak izaten ari zirela baimenik gabe bideo bat grabatu eta zabaltzea egotzita, bost urteko espetxe zigorra eskatzen zuten harentzat. Bi urte eta erdi eta hiru artekoa Eddi Silvestre jokalariarentzat bideoa zabaltzeagatik. Enrichek eta Lunak bideoa grabatu izana onartu dute, baina Silvestreri leporatu diote zabaldu izana. Halaber, damua azaldu dute egindakoagatik. Hala, fiskalak eta akusazioak bi urtera jaitsi dute haientzako zigor eskaria. Silvestreren kasuan, fiskalak bi urte eta egun bateko zigorra eskatu du, eta akusazioak, hiru urtekoa. Defentsak Enrichen eta Lunaren aurkako zigor eskariak onartu ditu. Biktimak 110.000 euroko kalte-ordina jasoko du, eskatzen zen baino handiagoa. Horrek ere ekarri du zigor eskaria jaistea.

Enrichek eta Lunak deklaratu dute "onartutako sexu harremanak" izan zituztela neskarekin. Kontatu dutenez, Lunak Enrichen telefonoarekin grabatu zuen bideoa. Gero Eddie Silvestre jokalariari pasatu ziotela gaineratu dute, eta hark zabaldu zuela. Silvestrek, haatik, adierazi du ez dela gogoratzen Enrichek bidali zionik bideoa, eta uste duela taldeko Whatsappetik jaso zuela. Halaber, nabarmendu du Enrichek askotan jartzen zituela halako bideoak, eta ez ziotela esan baimenik ez zuenik bideoa zabaltzeko. Gaineratu du bideoa jaso bezain laster ezabatu egin zuela, eta ez ziola inori bidali. 

Lekukoen artean izan dira Pedro Leon eta Dani Garcia futbolariak. Pedro Leonek Eibarren segitzen du, eta Dani Garcia Athleticeko jokalaria da orain. Biek ukatu dute bideoa taldearen Whatsappean jarri zela. Biktimaren lagun batek ere deklaratu du, eta adierazi du berak esan ziola bideoa zabaltzen ari zela, eta hark berehala deitu ziola Enrichi, hura geratzeko eskatuz, eta telefonoa eskegi eta salaketa jartzera joan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.