Autodeterminazioa

Eskoziarren %58k independentziaren alde bozkatuko lukete orain

AEBetako enpresa batek eginiko galdeketaren arabera, Erresuma Batutik bereiztea da eskoziar gehienen «asmo finkatua».    

Urtarrilean Glasgown erreferenduma eskatzeko eginiko manifestazioa. 100.000 lagunatera ziren kalera. @ROSSCOLQUHOUN
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 15a
09:29
Entzun

Inoizko gehiengorik handiena lortuko luke Eskoziaren independentziaren aldeko aukerak beste erreferendum bat egitekotan. AEBetako Ipsos Mori enpresak eginiko galdeketaren emaitzen arabera, independentzia eskoziarren %58ren «asmo finkatua» da gaur.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru Keith Brownek esan du datorren urteko bozetatik independentziaren aldeko alderdien gehiengo argia ateratzen bada Londresek ezingo duela galarazi bigarren erreferenduma egitea. 2014. urtean egin zuten lehen erreferenduma Eskozian independentziaren inguruan, eta ezetzak irabazi zuen, botoen %55rekin. Baina Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzeko harturiko erabakiak eragin handia eduki du eskoziarren iritzian, haietako gehienek EBn geratzearen alde bozkatu baitzuten.

Galdekaturikoen %64k adierazi dute Erresuma Batuko Gobernuak beste erreferendum bat egiteko baimena eman beharko lukeela SNPk gehiengoa lortzen badu datorren urteko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

Halere, ez du ematen Londres prest dagoenik galdeketa egiteari oniritzia emateko. Inkestaren inguruan galdetu zioten atzo gobernuko eledun bati, eta hark esan zuen 2014ko erreferendumak belaunaldi oso baterako lotzen zuela, hau da, 30 bat urterako.

Galdeketaren arabera, SNP nagusi da boto asmoan (%47-58), eta Eskoziako Berdeek beste %9 aterako dute.

«Galdeketak bultzada emango die abertzaleei, eta panorama beltza jartzen die unionistei», esan du Ipsos Moriko zuzendari Emily Grayk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.