BERRIA Taldea

'Astekaria' buletina argitaratuko du BERRIAk datorren astelehenetik aurrera

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletin berria abian jarriko du BERRIAk datorren astelehenean. Izen bereko aplikazioa ordezkatuko du.

2020ko urriaren 15a
11:17
Entzun

Astekaria buletina irakurri gabe utzi ezin diren artikuluak berreskuratzeko tresna bat izango da: aurreko astean argitaratutako ezinbesteko artikuluak hautatu, eta, posta elektronikoaren bidez, irakurlearen eskura jarriko ditu BERRIAk, astelehenero.

Buletinak lau eduki mota izango ditu. Batetik, asteko erreportaje sakonak bilduko dira, aktualitatearen gakoak lantzen dituztenak. Beste batetik, elkarrizketak eta lekukotasunak. Hirugarrenik, iritzi artikuluak eta analisiak. Azkenik, bestelako erreportaje eta kronikak. Azken batean, iraungitzen ez den artikulu bilduma bat osatuko da, asteburua eta aurreko astea errepasatzeko balia daitekeena, eta, nola ez, irakurgai interesgarriak deskubritzeko ere bai.

Buletina norberaren posta elektronikoan astelehenero jasotzeko, harpidetu besterik ez da egin behar: formularioan helbide elektronikoa idatzi, eta bidali. Astekarira harpidetzeko formularioa albiste buletinen atalean dago, gainerako buletinekin batera. BERRIAren webgunea eta sare sozialak kudeatzen dituzten kazetariek egingo dute aukeraketa.

Bost buletin

Astekaria buletin berria kontuan hartuz, bost buletinĀ  eskaintzen ditu BERRIAk. Goizero (astelehenetan izan ezik), BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen dituen buletin bat bidaltzen da. Arratsaldero, berriz, webgunean gehien irakurritako artikuluen bilduma bidaltzen da. Astelehenetik ostiralera, koronabirusaren krisiaren jarraipena egiten duen buletina bidaltzen da arratsaldeetan. Azkenik, ostiralero, euskal musikaren azken kantu, azken bideo, azken podcast, azken zerrenda eta azken berriekin osatutako buletina bidaltzen da. Buletin bakoitza independentea da, eta norberak aukeratzen du zein jaso nahi duen posta elektronikoan.

Astekaria albiste buletinak izen bereko aplikazioa ordezkatuko du. Astekaria aplikazioa 2015eko urrian kaleratu zuen BERRIAk, sakelako kontsumora bideratuta. Kontzeptua oso antzekoa zen: asteko artikulu hautatuen bilduma eskaintzea, sakelako aplikazio baten bidez. Baina aplikazioen mundua korapilatsua da, eta erabiltzaileen joera nagusia aplikazio kopuru mugatua erabiltzea da. Gaur egun Astekaria aplikazioa zenbat erabiltzen den ikusita, aplikazioa bertan behera uztea erabaki du BERRIAk, ahalegina beste proiektu batzuetara bideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.