Okupazioa

Enekuriko etxebizitza okupatu dutenek «mehatxuak» salatu dituzte

Bilboko Okupazio Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako «kanpaina mediatikoa» jarri da abian, eta horren atzean «interes politiko eta ekonomikoak» daude

Bilboko Okupazio Bulegoko kideak, agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 15a
17:25
Entzun

Duela zenbait aste gazte batzuek Enekurin (Erandio, Bizkaia) okupatutako etxebizitzaren auziak zeresan handia eman du azken egunotan. Joan den astean, gazteek ohartarazi zuten ustez jabeak bidalitako pertsona batzuk ari zirela etxebizitzaren inguruan okupatzaileak kikildu nahian; beste aldetik, zenbait hedabidek oihartzun handia eman diote okupazioari, eta, okupatzaileen ustez, zuzenak ez diren zenbait datu plazaratu dituzte. Hori dela eta, Bilboko Okupazio Bulegoak agerraldia egin du etxearen aurrean, eta berretsi du «mehatxuak eta hertsatze saioak» egon direla.

Okupazio Bulegoak nabarmendu du mehatxuak eta indarkeria erabiltzea ez dela bide egokia horrelako arazoak konpontzeko: «Orain, jabeak salaketa jarri du; hasiera-hasieratik auzitara jo izan balu jazartzeari ekin beharrean, orain berdin-berdin egongo litzateke, baina diru gehiago eta arazo gutxiago izango lituzke».
Bulegoko abokatuak gogorarazi du inori jazarri eta mehatxu egitea okupatzea baino delitu larriagoa dela, eta hizpidera ekarri du desokupatze zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen jarduna: «Horrek ez du funtzionatzen; ez da egia bide hori azkarra eta segurua dela».

«Errealitate asmatu bat»

Bilboko Okupazio Bulegoaren aburuz, aspaldi honetan bolo-bolo dabiltza hedabideetan okupazioaren inguruko albisteak, eta «errealitate asmatu bat» zabaltzen ari dira horien bidez: «Okupazioen %95 banku, inbertsio funts eta jabe handien etxebizitza hutsenak izaten dira. Ez dago norberaren etxea okupatua izateko benetako arriskurik».

Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako kanpaina honen atzean «interes ekonomiko eta politikoak» daude: alde batetik, segurtasun arloko enpresek «beldurra» hedatu nahi dute, eta, beste alde batetik, «elite ekonomikoek» aldaketak sartu nahi dituzte legerian, «COVID-19aren krisiaren ondorioz etxegabetzeak ugaritzea aurreikusten dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.