Mexiko

Mexikoko Defentsa ministro ohia atxilotu dute AEBetan, droga trafikoaz akusatuta

Ostegunean atxilotu zuten Salvador Cienfuegos ministro ohia, Los Angelesko aireportuan, AEBetako Drogen Kontrolerako Agentziaren aginduz.

Salvador Cienfuegos, Mexikoko Defentsa inistro ohia, 2013ko agerraldi batean. JOSE MENDEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 16a
11:32
Entzun

Salvador Cienfuegos jenerala eta 2012 eta 2018 bitartean Mexikoko Defentsa ministro izandakoa atxilotu zuten atzo gauean Los Angelesko aireportuan, AEBetan. Atxilotze agindua AEBetako Drogen Kontrolerako Agentziak eman zuen. Mexikoko Atzerri ministro Marcelo Ebrardek jakinarazi duenez, New Yorkeko epaitegi batek Cienfuegosen aurkako ikerketa bati ekin dio, krimen antolatuarekin izan ditzakeen loturen inguruan. Iturri ofizialek ez dituzte argitu haren aurkako salaketak, baina, AEBetako komunikabideen arabera, droga trafikoa eta dirua zuritzea egozten diote armadaburu ohiari.

Krimen antolatuarekiko loturak izatea ez ezik, indarkeriagatiko salaketak ere badaude Cienfuegosen aurka. Horien artean daude Tlatlayako eta Ayotzinapako sarraskiak. 2014ko uztailean, soldadu talde batek 22 herritar hil zituen tiroz Tlatlayan; armadaren arabera, hildakoek armak zituzten, eta hainbat lagun zituzten bahituta. Aldiz, lekukoen esanetan, ustezko bahitzaileek armak utziak zituzten hil zituztenean. Ayotzinapako kasuan, berriz, urte bereko irailean, Guerreros Unidos karteleko kideek 47 lagun hil zituzten, eta, lekukoen arabera, militarrek ez zuten ezer egin laguntzeko.

Lehen aldia da Mexikoko Defentsa ministro ohi bat atxilotzen dutena. Baina Mexikoko goi kargudunen aurkako salaketak ugarituz joan dira azken urteetan. Cienfuegos ikertzen ari den epaitegi berak darama Genaro Garcia Lunaren kasua. Felipe Calderonen agintaldia Segurtasun idazkaria izan zen Luna, eta Sinaloako kartelarekin lotuta egotea egotzita dago atxilotua. Auzi horri buruz egindako azken saioan, Lunak errugabetzat jo zuen bere burua, baina akusazioak egozten dio dirua onartu izana Sinaloako kartelari Mexiko osoan «askatasunez» aritzen uztearen truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.