Positibo berrien kopuruak goia jo du Hegoaldean: 1.351 atzeman dituzte

Datu txarrenak Nafarroak izan ditu: 523 pertsona gehiago kutsatu dira. Positibo tasa %9,2koa da. COVID-19a zuten sei pertsona hil dira Nafarroan.

Baheketa baterak PCR probak egiten, atzo, Azpeitian. GORKA ESTRADA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 16a
13:32
Entzun

Zenbakiak okerrera egiten ari dira azken egunetan, eta goia jo dute gaurko datuekin: beste 1.351 positibo atzeman dituzte, bigarren olatuko daturik okerrena. Orain arte bigarren olatuko daturik txarrena atzokoa zen, baina gaur atzo baino 228 kasu gehiago iragarri dituzte.

Azken egunetako joerarekin jarraituz, Nafarroako datuak izan dira txarrenak: 523 kasu berri atzeman dituzte, 79 gehiago. Gipuzkoan, bigarren olatuko kopururik handiena zenbatu dute: 370 kasu, bezperan baino 67 gehiago. Datuek okerrera egin dute Bizkaian eta Araban ere. Bizkaian, hain zuzen, 329 kasu atzeman dituzte, atzo baino 38 gehiago; Araban, berriz, 116 izan dira —39 gehiago—. Gainera, positibo eman dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi ez diren zortzi lagunek ere. Osakidetzak eta Osasunbideak 14.740 PCR egin zituzten atzo; beraz, positibo tasa %9,2koa da, atzo baino %1,5 altuagoa. Positibo tasan ere Nafarroa gainerako lurraldeen gainetik dago, PCRa egiten dutenen %15ek positibo ematen baitu.

Ospitaleetara begira jarrita, ospitaleratu kopurua nahiko egonkor mantentzen ari da egunotan. Gaur jakinarazi dute 535 gaixo daudela Hego Euskal Herriko ospitaleetan, atzo baino bost gehiago. Horretan ere Nafarroa azpimarratu behar da, bertan baitaude ospitaleratuen erdiak baino gehiago (271). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19a zuten beste 40 lagun ospitaleratu behar izan zituzten atzo. Gaixoen egoerari dagokionez, 86 ZIUetan daude, atzo baino bost gutxiago.

Hainbat herritan, okerrago

COVID-19a herri eta eskualde batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa izaten ari da egunotan. Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean Durangok, Lekeitiok (Bizkaia), Astigarragak, Azkoitiak, Azpeitiak, Beasainek, Elgoibarrek, Ordiziak, Tolosak eta Zumarragak (Gipuzkoa) dituzte daturik okerrenak, 100.000 herritarreko 500 kasutik gora baitituzte.

Positibo eman dutenen adinak ere zehaztu ditu Osasun Sailak. Positibo berri gehienak (295) 40 eta 64 urte artekoen artean atzeman dituzte, baina birusak intzidentzia handiena 19 eta 39 urte arteko pertsonetan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.