Landaguneetan LGTBI ikusgaitasuna sustatzeko lehen programaren arrakasta nabarmendu du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako erdialdeko hogei herritan egin dute egitasmo ibiltaria, eta laurehundik gora pertsonak parte hartu dute

jarraia188405.jpg
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 16a
13:41
Entzun

Erein aniztasuna, bildu askatasuna lelopean, LGTBI kolektibokoen errealitatea landa eremuetan ikusarazteko lehen programa egin zuen Nafarroako Gobernuak irailean. Zeharki, Nafarroa erdialdeko hogei udalerri zeharkatu zituen egitasmoak, eta 439 pertsonak parte hartu zuten guztira. Programa "aitzindaria" izan dela nabarmendu du Eva Isturizek, NABI Nafarroako Berdintasuneko Institutuko zuzendariak.

Hilabete osoan, herriz herri ibili dira Kattalingune LGTBI+ arreta zerbitzu publikoko adituak gai horri buruzko informazioa, eduki didaktikoak eta ikus-entzunezkoak eskaintzen, eta herri bakoitzeko biztanleen zalantzak eta galderak argitzen.

Isturizen esanetan, egitasmoaren helburua da landa guneetako biztanleei informazioa eta aholkularitza eskaintzea, herri horiek ere "leku egokiak izan daitezen sexu, afektibotasun eta genero aniztasuna modu positibo eta normalizatuan bizitzeko". Horrez gain, askatasunaren aurkako jarrerak ikusarazi nahi dituzte programaren arduradunek, "LGTBI+ aniztasunarekiko errespetua sustatzeko".

Kanpaina ibiltariarekin batera, material didaktikoa eta ikus-entzunezkoak ere ikusgai jarri dituzte www.igualdadnavarra.es webgunean. Gida bat ere argitaratu dute, sexu eta genero aniztasunaren garrantziaz sentsibilizatzeko, sexu eta genero identitatea zer den azaltzeko eta LGTBIfobiaz ohartarazteko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaz eta Kattalingune zerbitzuaz gain, egitasmoan parte hartu dute Laiak Erdialdeko LGTBI+ kolektiboak eta 20 udalek. Gida horren aleak banatu dituzte Nafarroako udalerri guztietan eta mankomunitateetan.

Programa ibiltaria pixkanaka zabalduko da Nafarroako beste zenbait eremutara. Horrez gain, LGTBI pertsona eta kolektiboentzako aurrez aurreko arreta zerbitzuak bikoiztu ditu gobernuak: Iruñeko eta Tuterako guneez gain, bulego berriak zabaldu dituzte Lakuntzan eta Irurtzunen. Arreta ordutegia ere handitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.