Europako Batasuna

Johnson: EBk jarrera aldatzen ez badu, ez da akordiorik izango

Europako Batasuna prest dago negoziatzen jarraitzeko, baina uste du Londresek mugitu behar duela.

Boris Johnson, artxiboko irudian. JESSICA TAYLOR / EFE
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 16a
13:41
Entzun

Akordiorik gabeko brexit baterako aukerak handitzen ari dira. Europako Batasunak ez du bete Erresuma Batuko Gobernuak akordio bat egiteko jarritako epea, baina negoziatzen jarraitzeko prest dagoela esan du.

Hori ikusita, Boris Johnsonek ultimatum bat eman die EBko buruzagiei. Jarrera «errotik» aldatzen ez badu, ez da akordiorik sinatuko, eta Erresuma Batua EBrekiko merkataritza harreman berri bat adostu gabe irtengo da EBtik, urtarrilaren 1ean.

Europako Batasuneko agintariek «mugitzeko» eskatu zioten atzo Erresuma Batuari, brexit-aren osteko etorkizuneko harremanari buruzko akordioa posible egiteko. Salatu dute Boris Johnsonen gobernuaren jarrera itxia adostasuna oztopatzen ari dela. Dena den, elkarrizketekin jarraitzeko agindua eman diote Michel Barnier EBko negoziatzaileari..

Atzo kaleratutako oharrean, EBko estatuburuek azpimarratu zuten Londresek ez duela aurrerapenik egin funtsezko arloetan; esaterako, enpresa britainiarren eta europarren arteko bidezko lehia ziurtatzeko bermeetan, etorkizuneko akordioaren gobernantzan eta arrantzan. Europako erakundeei eta gai horretan interesak izan ditzaketen enpresei ohartarazi diete adostasunik gabe amai daitezkeela negoziazioak, eta Europako Batzordeari eskatu diote «Batasunaren interesera mugatutako aldebakarreko kontingentzia neurriak» hartzeko aukera aintzat hartzeko. Dena den, berretsi dute haien asmoa akordioa egitea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.