Garraioa

Trenera igo gura dute

Martxoaren 28tik, trena egunean bitan igarotzen da Santander-Bilbo lineatik, norabide bakoitzean behin. Egoera salatzeko plataforma bat sortu dute. Kalitatezko zerbitzua eskatu dute

Santander-Bilbo trenbidea. Karrantzako tren geltokia. TRENBIDEAREN ALDEKO PLATAFORMA
Ibai Maruri Bilbao.
2020ko urriaren 16a
15:39
Entzun

Herriko andre gazte batek sare sozialen bidez egin zuen deialdia: ekainaren 30ean, martitzenez, 22:00etan, eskualdetik igarotzen zen tren zerbitzuaz berba egiteko batzartu gura zuen. 70 bat lagun elkartu ziren Karrantzako geltokian. Kantabriako (Espainia) Ason eskualdetik ere jendea agertu zen arren, 3.000 biztanlera ere iristen ez den herri baterako sekulako arrakasta lortu zuen. Horrek erakusten du zenbateko ezinegona sortzen duen gaiak. Izan ere, martxoaren 28tik tren bi igarotzen dira egunean: bata Bilborantz eta bestea Santanderrerantz. Lehen bilera hartatik Santander-Bilbo Trenaren Aldeko Plataforma sortu zen. Bizkaiko eta Kantabriako herritarrek osatzen dute. Kideetako bat da Gloria Luxan karrantzarra: «Beti izan dugu zerbitzu txarra. Baina orain daukagunarekin, trena hartu ere ezin dugu egin. Zertarako? 09:40an Santandertik datorrena hartuta Bilbora joango bagina, ezingo ginateke biharamunera arte itzuli, 08:00etan irteten baita Bilbotik eguneko tren bakarra». Uda osoan protestan ibili dira. Datorren astean Bilbora joango dira trenez, eta hiriburuan elkarretaratzea egingo dute.



Espainiako Gobernuaren erabakiz, COVID-19aren pandemia hasieratik linea bakoitzean zerbitzu bakarra bermatu behar du Renfek; plataformako kideei esan die eskaria handituko balitz eurek eskaintza handituko luketela. BIZKAIKO HITZAk ere hitz egin du Renfeko komunikazio bulegoarekin, eta erantzun diote pandemiaren egoera hobetu arte ez dela zerbitzua lehengoratuko. «[Espainiako] Mugikortasun Ministerioaren aginduak dira».

«Zerbitzua dagoen egoeran, zelan handituko da eskaria? Nork hartuko du tren hori?», galdetu du Luxanek. Gutxienez, martxora arte izandako maiztasuna itzultzea gura dute. Hau da, egunean sei tren igarotzea herritik: hiru Bilbora eta beste horrenbeste Santanderrera. Aldarrikapen agiri bat adostu zuen plataformak, eta hainbat erakundetara bidali zuten: Bizkaiko Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzara, Kantabriako Gobernura, EAEko Arartekora, Kantabriako Arartekora, Espainiako Gobernura eta Espainiako Arartekora. Baita Renfe eta Adif Espainiako trenbide enpresa publikoetara ere. Trena pasatzen den herri guztietako udalei ere mozio bat bidali diete, osoko bilkuran onar dezaten. «Euskal erakundeek eta Kantabriakoek Espainiako Gobernuaren eskumena dela esan digute. Udal batzuek onartu dute mozioa, baina asko txikiak dira eta bilkurak maiztasun gutxirekin egiten dituzte». Bilbokoak joan den hilean eztabaidatu zuen, eta haserre daude emaitzarekin.

Bizkaiko hiriburuan, udal talde politikoek baino ezin dituzte mozioak aurkeztu. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek erakutsi zuten interesa, eta, azkenean, EH Bilduk aurkeztu zuen. Baina udal gobernuak mozioaren aurkako zuzenketa bat aurkeztu zuen. «Gure mozioak hiru aldarrikapen baino ez zituen jasotzen: plataformaren agiriari babesa erakusten zion, Santander-Bilbo trena duintasunez mantentzearen alde lan egingo zela esaten zuen, eta kalitatezko garraio publikoa babesten zuen. Udal gobernuaren mozioak baietz dio, baina Santander-Bilbo trenbidea hobetzea Euskal Y-a eta Madrilekiko lotura bukatu ondoren izatekotan. Guk ezin genuen onartu, eta Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere aurka bozkatu zuten».

Lehen ere eskas

Martxoa aurretik zuten eskaintzak ere ez zituen asebetetzen Enkarterriko herritarren premiak. «Egunean hiru tren genituenean, Bilbora beharrera joateko ere ezin izaten genuen erabili. 06:40an hartzen genuen Karrantzan Bilborako, baina gero bueltan 13:00etan geneukan —goizegi— edo 19:00-19:30 aldera —beranduegi—». Beharginak, unibertsitateko ikasleak, Gurutzetako ospitalera joan behar dutenak... Asko dira Enkarterriren mendebaldeko mutur hartatik Bilbora edo inguruetara joaten direnak. «Trenez joatea zorakeria da, eta autobusez, beste horrenbeste». Karrantzatik eta Lanestosatik, esaterako, ez dago autobus zuzenik. Lanestosatik Balmasedara doan Bizkaibus linea hartu behar dute lehenik, eta, ondoren, Balmasedatik Bilbora doana. Luxanen arabera, Zallan egiten dute linea aldaketa, Balmasedan ordutegiak ez direlako bateragarriak. Baina sarritan Zallan ere galdu egiten dute, eta horrek asko luzatzen du itxaronaldia. «Dena ondo joanez gero, ordu eta erdi behar dugu Karrantzatik Bilbora».

Trenez ere antzeko denbora behar dute. Garai batean bidaiak gutxiago irauten zuela gogoratu du: «Ordubete pasatxo». Okerrera egin du zerbitzuak, trenbidearen egoerak okerrera egin duen neurri berean. Orain, geltokietan beharginik ere ez dute izaten, informazioa emateko bada ere. «Askotan trenbidea etenda dagoela jakiten dugu autobusa bila etortzen zaigulako. Bestela, inoiz ez dugu jakiten trenik dabilen edo ez». Hala eta guztiz ere, baldintza horietan trenez mugitzen den jendea badago. «Badira beharrera lagunen batekin autoan doazenak eta buelta trenez egiten dutenak. Astean zehar Bilbon ikasten edo lanean egon direnak, asteburuan trenez datozenak ere bai. Baita bizikletarekin mendira joan nahi dutenak ere».

Baina oso jende gutxik hartzen du Santander-Bilbo trena hiriburu batetik bestera joateko; gehienentzat gertuko joan-etorrietarako trena da. Horregatik, bai Enkarterriko herritarrek bai Kantabriakoek, denek uste dute hiriburuen arteko zerbitzuaz gain probintzia barrukoa ere eskaini beharko litzatekeela. Hain zuzen, Karrantzako Udalak mozio bana onartu zuen 2014an eta 2016an, aho batez, Eusko Jaurlaritzari trenbide zati horren kargu egin eta zerbitzu hori eskaintzeko eskatuz. Baina, oraingoz, alferrik.

Trenbidea hobetzeak eskualdea suspertzea ekarriko lukeela uste dute plataformakoek. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkarterriko alkateek eskualdearen aldeko plana taxutzeko egin dituzten bileretan ere hori izan da udal agintarien aldarrikapen nagusiena. «Ekonomia bultzatuko luke, batetik, eta hemengo herritarrek komunikazio txarrengatik eskualdea utzi behar izatea ere saihestuko luke». Izan ere, Santander-Bilbo trenbidea gasolioz dabil oraindik ere. Elektrifikatzeko lanak egin zituzten aspaldi, eta dirutza inbertitu zuten horretan. «Dirudienez, txarto diseinatu zuten plana. Karrantza eta Bilbo artean eurek espero baino baxuagoak diren tunel bi daude, eta ezin izan zituzten elektrifikatu. Beraz, egindako gainontzeko guztiak ez zuen balio izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.